Elkarzaintza, gure iparrorratza
Naturak, elikadurak eta ikastolak bat egiten duen tokia izatea helburu, hainbat berrikuntza egin dituzte aurtengo ikasturtean Azkue Lekeitioko Natura Ikastolan.
Herri ekimenez sortu zen Azkue Lekeitioko Natura Ikastola, eta hori oinarritzat hartuz, hezkuntza kooperatiba da gaur egun. Zerbitzu publikoa eskaintzeaz gain, irabazi asmorik gabeko kooperatiba da, herriaren onurarako sortua; ikasleen eta, orohar, komunitate osoaren zaintza da euren erronka nagusienetakoa gaur egun. Horregatik eta horretarako, 2023-2024 ikasturtean lantzeko hainbat ildo zehaztu zituzten, eta lanei ekin diete jada.
Haurrek txiki-txikitatik ingurune naturala ezagutu, errespetatu, maitatu eta gozatzeko helburuagaz ipini dute martxan Natura Ikastola proiektua. Iazko udan hasi ziren ikastolako ortuko egokitzapen lanekin eta irakasleek Natura Ikastola proiektuan lan egiteko formakuntzan jarraitzen dute. Ikastolako mendiak eta ortuak umeen heziketarako «sekulako aukerak» eskaintzen dituela sinesten dute.
Gune naturalaren aldeko apustua 1980an hasi zuten arren, pasaden azaroan eman zuten azken pausoa, ikasturteko erronketako bati helduz: Ikastolako eremu berdea 2.500 metro karratu izatetik 5.000 metro karratu izatera pasa zen, ikasgelatik kanpo geroz eta ordu gehiago pasatzeko apustu sendoagaz. Ikastolako umeentzat ez ezik, Lekeitioko herritar guztiek dute bertan egoteko aukera, ikastolak eta udalak sinatu duten hitzarmenari esker.
Elikagai fresko eta bertokoekin oinarritutako menua sortuko dute.
Azken berrikuntza honekin beste pauso bat eman nahi izan zuten, baso eskolagaz formakuntzak egiten duela hiru urte hasi ziren arren: «Nahi duguna da, batez ere, ikasleek gela barruan dituzten esperientziak aberastea, eta kanpoko espazioa ere ikasgela bihurtzea. Gela barruan sortzen diren esperientziak eta ikasketak kanpora ere atera nahi ditugu, askoz mundu lasaiagoa delako gela barrukoa baino».
Horrez gain, irisgarritasunari ere garrantzia eman nahi izan diote, gune berdea edozein herritarrek erabili ahal izateko.
Badator aldaketa. Gune berria duela gutxi ireki bazuten ere, jada hasi dira umeen artean aldaketak nabaritzen: «Naturalki, animaliak garen heinean baita ere, gune berria ireki dugunetik umeen jolasa patioan asko jaitsi da, denbora guztian gune berderako joera hartu dute umeek. HH4tik hasi eta LH6raino arratsaldeko orduetan ere parkean egoten dira, hau da, konturatu gara umeek nahiago dutela ingurune naturala patioak eskaintzen duena baino».
Eremu berde eta natural horretan egindako ortutik helduko da, hain zuzen ere, ikastolaren beste apustuetako bat. Slow Food deritzon mugimenduan parte hartzea eta bere filosofiarekin bat egitea erabaki dute ikastolako ordezkariek: «Slow Food dieta edo errezeta multzo bat baino askoz gehiago da». Kultura, ingurumena, osasuna nahiz etika barnebiltzen ditu mugimenduak, hiru printzipio nagusitan oinarrituz.
Janaria, kalitatezkoa. Alde batetik, argi dute jantokiko janariak «janari ona» izan behar duela: «Elikagai freskoak, bertokoak, sasoikoak eta modu tradizionalean prestatuak». Bestalde, janari garbia izatea ere «ezinbestekoa» da, inolako pestizida eta ongarri kimikorik gabekoak, eta gehigarri artifizialik gabe landatutako elikagaiak. Azkenik, bidezko janaria izango da, nekazari, langile eta kontsumitzaileentzat «modu zuzen eta bidezkoan ekoitzitako elikagaiak».
Slow Foodaren aldeko apustuari izena orain jarri dioten arren, badira urte batzuk horretan dabiltzala: «Proiektu hau aspalditik egon da ikastolan, elikagai freskoa eta bertokoa erosten da, hemen sukaldatzen dute… baina Slow Foodaren aldeko apustuak eskatzen du curriculumean ere elikadura hezkuntza sartzea, eta guk gura dugu jantokiari ere behar duen garrantzia ematea».
5.000 metro karratuko gune berdea zabalik dago herritar guztientzat.
Izan ere, «zalantzarik barik» jantokia eta ikastola bat izan behar dira: «Guretzako jatea matematika edo beste edozein ikasgai bezain garrantzitsua da». Baloreetan haztea eta heztea helburu izanda, ikastolak argi dauka hezkuntza proiektu bat osoa izateko «goizean sartu eta arratsaldean atera bitartean eredu oso eta integrala eskaini behar duela». Beraz, jantoki ekologiko eta autogestionatua izateko bidea hasi eta lantzeaz gain, «jangela hezitzaileagoa, osasuntsuagoa, gertukoagoa eta bidezkoagoa» bideratzeko bidean lanean ari dira ikastolako kideak.
Onurak. Aldaketek, nola ez, eragina izango dute Azkue Jantokian: «Aurten herriko bi ekoizle ditugu eta eurei erosten dizkiegu barazki denak, beraz, zero kilometrokoa da. Hala ere, gure intentzioa da produktuen zati bat gure ortukoa izatea, umeek ere prozesu guztia ikusi eta bizi dezaten».
Elikagai fresko eta bertokoetan oinarritutako menuak sortzen ari dira etxeko sukaldaritza eta sukaldaritza tradizionalagaz, elikagaiak alferrik galtzea murrizteko helburuagaz. Horrez gain, proiektu honen bitartez elikadura hezkuntza ere landu eta sutatzeko lanean dabiltza, eta ikastolako ordezkari eta ikasleen arteko harremana hobetzeko asmoz, giro erakargarria diseinatu eta ikasleen iritziak entzutea «ezinbestekoa» izango da.