Mikel Lertxundi: "Janzten eta aberasten gaituena aurrez aurreko harremana da"
Berriatuarrak Torrelles de Llobregateko (Katalunia) Ateneoan erakusketa inauguratu du; otsailaren 29ra arte egongo da bisitatzeko aukera. 50 urteko ibilbideko lanak aurkeztu ditu bertan.
Zelan joan zen inaugurazio ekitaldia?
Jordi Aligue Vallgrassa zentroko arduradunak, Joan Rammell Torrelles d´Llobregateko Ateneoko arduradunak eta hirurok egin genuen aurkezpena. Jende asko etorri zen, eta interes handiz entzun zituzten aurkezpenak eta, ondoren, obrak ikusteko aukera eduki zuten. Bideo bat ere jarri genuen nire sorkuntza prozesuaren azalpenekin eta irudiekin.
Zer islatu nahi izan duzu erakusketan?
Obra hautatu batzuk eraman ditut: eskulturak dira gehienak eta marrazki pare bat ere badaude; batzuk neurri ertainekoak eta besteak txikiak. Ikertu eta garatu ditudan lan ildo desberdin esanguratsuenen lan batzuk eraman ditut, egiten dudana ezagutu dezaten.
Ze helburu dituzu?
Nire artegintza erakustea; kasu honetan, kataluniarrei. Sortzaileok nahi izaten dugu gure lana ahalik eta jende gehienak ezagutu dezan, eta egia da, gaur egun sare sozialen bidez askoz errazago zabaldu daitekeela, eta bide hori ere erabiltzen dugu, baina pantailak eta argazkiek ez dute inondik inora artelanak aurrez aurre eskaintzen dutena ematen. Pertsona moduan janzten eta aberasten gaituena aurrez aurreko harremana da arteagaz eta pertsonekin.
Zergatik Katalunian?
Iaz Galizian, Vigon egin nuen erakusketa. Hango galerista bati Madrileko Estampa arte azokan nire obra gustatu eta hark bere galerian erakusketa egitera gonbidatuta. Kataluniako erakusketak egitera ere gonbidatuta joan naiz. Jordi Aligue eta Joan Rammell Bilboko Fia arte azokan ezagutu nituen, eta euren Vallgrassa proiektuan erakustera gonbidatu ninduten. Garraf parke naturalean dagoen arteen esperimentazio zentro bat da Vallgrassa, aparta eta interesgarria. Hiru erakusketa jarraian egiteko bira proposatu zidaten: iazko irail-abenduan egin genuen Vallgrassan, urtarrilaren 12tik otsailaren 26ra Torrelleseko Ateneoan egongo da ikusgai eta martxoan Cardedeun erakutsiko da. Beti da interesgarria leku eta ikusle berriei erakustea, eta Katalunian topatu dudan artearekiko eta kulturarekiko interesa eta estimua apartekoa da.
Zelako harrera eduki du erakusketa berriak?
Harrera beroa egin diote; oso eskertuta nago antolatzaileei. Areto bete jende batu zen inauguraziora, jende asko. Harrigarria eta pozgarria. Hemen horrenbeste jende batzea kosta egiten da askotan. Torrelleseko Ateneoa kulturgune oso bizia da, jende asko bertaratzen da antzerkia, musika eta beste arteak egitera eta ikustera ere. Bertako erakusketa lekua bikaina da. Nabari da katalanek kulturari eta arteari balio handia ematen diotela. Eta hori ikusi eta sentitu egiten da erakusketara datorren jendearengan.
“Uste dut ibilbide konstante eta koherentea egin dudala eta nortasun berezia duen estetika eta lenguaia propioa izatea lortu dudala”
50 urteko ibilbide artistikoa betetzen duzu, zelako bilakaera izan dute zure lanek?
Hasieran material bateko eskultura figuratiboak egiten nituen, baina laster konturatu nintzen aurrean ikusitakoa kopiatzeak ez ninduela asetzen. Teknika ikasteko eta begirada prestatzeko ondo, baina ez zidala neuk asmatzeko eta sortzeko aukerarik ematen. Orduan, abstrakziora pasatu nintzen. Nire belaunaldikoak artista handiak eta errekonozituak izan dira. Haiengandik asko ikasi dugu, baina ni ez nau asetzen besteek egiten dutena egiteak, eta neure bide propioa bilatu behar nuela argi izan nuen ia hasieratik. Ikusten nuen Oteizak, Chillidak,… formaren estetika oso garatua eta lortua zeukatela. Nik bide desberdin bat arakatu nahi nuen, formatik haratago. Orduan, naturari begira eskultura egiten, ikertzen eta bilatzen, materialen elkarketaz jabetu nintzen. Ez edozein materialegaz, baizik eta bizitoki dugun lurra osatzen duten harriagaz, egurragaz eta burdinagaz, eta elkartzen hasi nintzen. Eta elkarketa ariketa horretan oreka deskubritu nuen, lurrak eta gizakiak daukagun orekaren beharra. Aurrerago espazioko elementuetan (ura, sua eta airea) jarri nuen arreta, dena egin eta desegiten dutela konturatu nintzen. Ordutik, artelan askotan elkartzen ditut materialekin elementu hauek: harriak ura hartzen du, egurrak airea eta burdinak sua. Materialen elkarketa eta elementuen interakzioa izan da nire ekarpen nagusia arte plastikoei dagokienez. Eskultore gehienek lortu nahi duten formara moldatzen, okertzen dute materiala. Ni, ordea, material bakoitzak bere izaeraz duen forma errespetatzen saiatzen naiz, eta hiruren formak, neurriak, koloreak, testurak,… bakoitzaren izaera eta balioak goratuz eta elkarri laguntzen jarriz obra batu bakarra lortzen saiatzen naiz, oreka eta poesia bilatzeko eta transmititzeko nahiagaz.
Zelan definituko zenuke zure ibilbidea?
Uste dut ibilbide konstante eta koherentea egin dudala eta nortasun berezia duen estetika eta lenguaia propioa izatea lortu dudala. Batzuei gustatuko zaie, beste batzuei ez. Euskal artea eta euskal artistak ezagutzen gaituzten etxeko eta atzerriko lekuetan eta neurrian ongi ezagutzen eta baloratzen dute nire obra, eta horren froga dira gonbidatuta egin ditudan azken erakusketa hauek eta 50 urteko ibilbide luzea egin izana.