Genaro Ibarguengoitia
Muxikarra, 21 urtegaz joan zen Australiara. Beranduago, anaia Florencio erreklamatu zuen bertara joateko lanera.
Genaro Ibarguengoitia 1940ko otsailaren 6an jaio zen Muxikan. Gernika-Lumon egin zuen lan tailerrean eta, ondoren, Elgoibarren. «Ondo irabazten nuen, pozik nengoen, baina Australiara joateko gogoa neukan», dio. «Bi auzokide, Jose Mari Agirre eta Ziriako Lejarzegi eta nire lehengusua Tomas Armolea, han zeuden».
1961eko martxoan joan zen Australiara. Armoleak erreklamatu zuen, eta aitak ordaindu zion bidaia. «Ama triste geratu zen. Emaztegaia ere hemen utzi nuen; esan nion bost urte itxaroten bazuen, bueltan ezkondu egingo ginela. Hala izan zen. Maletan, dena alferrikoa eraman nuen, praka luze berriak eta, baina han ez zen holakorik behar. Dirutan, aitak eman zizkidan 40 libra».
Hegazkinez joan zen. Bilbotik Madrilera eta handik Erromara. Han bulego batera joan behar izan zuen; ez zuen ezer ulertzen, eta apaiz bat ekarri zuten itzultzaile eta paperak bideratzeko. «Erroman lau ordu itxaron behar izan nuenez, apaizak eta biok Erroma bisitatu genuen. Jose Luis Larrabe zen apaiza, Elorriokoa». Lau ordu geroago, hegazkina hartu eta Sidneyera iritsi zen. «Apaizak idatzi zien gurasoei nigaz egon zela esateko», azaldu du. Sidneyn Armolea zeukan itxaroten.
«Ama triste geratu zen; emaztegaia ere hemen utzi nuen: bost urte itxaroten bazuen, bueltan ezkondu egingo ginela esan nion. Hala izan zen»
Fundizio batean hasi zen lanean trenbideak zaharberritzen eta, gero, Inghamera joan zen kaina ebatera. «Bost ginen kaina ebaten, Urdulizko Goirigolzarri, Mendatako Aranaz anaiak, euren lehengusua Pedro Aranaz eta neu».
Kaina ebateko sasoia amaitu baino lehenago, alde egin zuen, eta tabakora joan zen Mareebara. «Tabernetara eta etortzen ziren beharginen bila, eta halan topatu genuen lana. Euskaldunak maite zituzten».
Hurrengo urtean Errigoitiko Aberasturi anaiekin, euren auzoko Albertogaz, Lumoko Secundinogaz eta Muruetako Ramonegaz ebaki zuen kaina.
Kanpetxean bizi ziren. Kanpetxean ohe biko logelak zeuden. Ibarguengoitiak Albertogaz egiten zuen lo. Ez zuten sukaldaririk eta euren artean moldatzen ziren. «Behin sugea sartu zitzaigun ezkaratzera siestan geundela; eskopeta neukan alboan, baina dena apurtuko nuela eta, makila bategaz jo eta kitto! Beste behin soloan, kaina jausita zegoen, eta ipurdia ebakitzen ari nintzela, konturatu nintzen burutik zapalduta neukala suge bat; buztanagaz jotzen ninduen bernetan, eta salto egin nuen; orduan gazte! Angel Duñabeitiak hil zuen. Pozointsua zen, gainera. Arratoi asko egoten zen kaina artean jaten, eta txarra izaten zen, ze kaina sikatu egiten zen eta pisua galtzen zuen. Bazeuden beste suge mota batzuk, handi-handiak, arratoiak jaten zituztenak, eta ugazabek ez zuten nahi izaten haiek hiltzerik», gomutatzen da.
«Fundizio batean hasi nintzen lanean trenbideak zaharberritzen. Eta, gero, kaina ebaten»
Ibarguengoitiak anaia erreklamatu zuen, Florencio. «Ford bat erosi nuen errigoitiarrekin batera, eta Townsvillera joan ginen anaiaren bila». Anaia heldu zenerako topatua zion lana tabakoan; kaina beharra amaituta joan zen beregana.
Hurrengo, Girun topatu zuten lana bi anaiek. «Hor nengoela, ugazabagaz eta semeagaz joan nintzen Townsvillera, eta Mini Morris bat erosi nuen. Ez neukan karnetik; bertan atera nuen gero».
Denbora librean tabernara eta dantzara eta Trebonera joaten ziren. «Treboneko frontoian pilota partidak ikusten genituen. Txo de Bermeok jokatzen zuen», gogoratzen du.
Ehizan ere joaten ziren, txakurrekin, basurdetan. Korta zuten eginda, eta bizirik ekartzen zituzten, hazteko eta jateko.
«Suge batzuek arratoiak jaten zituzten, eta ugazabek ez zuten nahi izaten suge horiek hiltzerik»
Emaztegaiari agindu legez, Ibarguengoitiak bost urte egin zituen Australian; azken urtean, Muxikako Duñabeitiak eta eurek, anaia biek 7.000 tonako farma hartu zuten kaina ebateko, Girun. Horixe amaituta, 1966ko otsailean etxera bueltatu zen anaiagaz, Galileo Galilei itsasontzian. «Ni gustura geratuko nintzen han. Bizimodua ona zen. Berba onak baino ez ditut», adierazi du.
Soldadutza egin eta ezkondu egin zen. Negozio bat jarri zuen hemen, beste kide batzuekin batera. Ez da gehiago Australiara itzuli.