Lekeitioko Udalak trantsizio energetikorako plana egiteko herritarren iritziak jaso nahi ditu
Galdetegi anonimo baten bitartez herritarren hainbat datu jaso nahi dituzte, energia plana osatzeko. Galdetegia sare sozialetan zabaltzeaz gain, kultur etxean ere eskuratu daiteke.
Lekeitioko Udalak klima eta energia plan baten beharra nabarmendu zuen 2022an, hurrengo urteetan hartu beharreko bidea finkatu ahal izateko. Hori horrela, azken hilabeteetan klima aldaketari aurre egin eta egoerara egokitzeko plan integratua garatzen ari da herrian Barrizar Kooperatibaren laguntzagaz, eta herritarren iritziak jaso nahi dituzte galdetegi anonimo baten bitartez; galdetegia euren sare sozialetan zabaltzeaz gain, kultur etxean ere eskuratu daiteke.
Plan horrek gutxienez 20 urterako ibilbidea finkatuko duela eta Europako Batasunaren helburuak beteko dituela adierazi dute. Horez gain, beste hainbat helburu ere izango ditu, besteak beste, “tokian tokiko burujabetza energetikoa bultzatzea, kanpotik ekarritako erregai fosilen kontsumoa murriztea eta energia pobreziagaz amaitzea”. Planaren bitartez udalak bere energia sortu eta trantsizio energetikorako bidea hartu nahi du. Horrekin batera, hurrengo urteetarako ekintzak zehaztu eta horien eragina baloratzea erraztuko du.
Herritarren ahotsa. Gaur egungo egoerari erreparatuz, udalak udalerri mailako datuen inbentario bat egin ahal izan du: “Udalak bere garapenean zehar herritarren iritziari garrantzia eman nahi dio”. Horregatik, herritarrei galdetegia betetzeko deia egin diete. Galdetegiaren bitartez hainbat datu jaso nahi dituzte, besteak beste, herrian garatu daitezkeen energia edo jasangarritasun arloko ekintzak proposatzea, herritarrek duten berriztagarrien ezagutza zenbatekoa den jakitea eta baita inbertsio ahalmena eta amortizazio epeak zenbatekoak diren ere. Azkenik, jakinarazi dute pobrezia energetikoaren arloko herri mailako daturik ez dutela lortu, eta beraz, etxeko energia kontsumoari buruzko datuak eskatu dituzten, era guztiz anonimoan.