Rüdiger eta Moxal, Uhagon kulturgunean
Musikak hartuko du zapatuan [otsailak 17] Uhagon kulturgunea 20:00etatik aurrera. Sarrerak salgai daude.

Lehenengo, Moxal Hannot Mintegia Nabar azken proiektuagaz, ez da bakarrik egongo eta Miren Narbaizagaz igoko da oholtzara. Gero, Felix Buffek Rüdiger bere azken proiektuko The Dancing King lan berria aurkeztuko du. Sarrerak erreserbatzeko aukera dago kulturgunea@uhagon.com posta elektronikora idatzita. Hala ere, bihar bertan ere salgai jarriko dituzte. 7 euro balio sarrera orokorrak eta 5 euro Uhagoneko bazkideentzat.
Nabar da Moxalen hirugarren lan luzea, Mintegia musikari eta ekoizleak gidatututako proiektua. Diskoa “intimoa eta korala” dela dio, Zaldikatu lehen disko «anitz eta partehartzailetik» eta Arrebetxe bigarrengo “sotil eta bakartitik” edaten duena. 2019an hasi zen Hannot diskoko kantak sortzen. Pandemiak etena ekarri zion eta 2023ra arte ezin izan du diskoak argia ikusi.
Diskoak konplexurik gabe nahasten du folk tradizioa kanpoko joerekin, hala nola, trip-hoparekin, elektronika abangoardistenarekin edota zinema-musikarekin. “Mundu nabarra da gurea. Argiak bere baitan iluna dena gordetzen du. Diskoan badago gogo bat, edo behar bat, bi mundu horiek lotu, ulertu, zeharkatu edo gutxienez ez baztertzekoa”.
Pandemia, amankomunean. Felix Buffek pandemian sortu zuen Rüdiger izeneko proiektua, Willis Drummond, Joseba Irazoki eta Lagunak edo Atom Rhumba bezalako taldeak biltzen dituen espektro zabal batean bateria jotzaile gisa parte hartu ostean. Pandemiak ahots berri bat aurkitu zuen; “gozoa, iradokitzailea eta ñabarduraz betea”. Orain The Dancing King sortu du, eta bertan Rüdiger “guztiz askatua” dagoela dio. Hari-laukotetik edo flautatik teklatu mota guztietara hartzen duen “paleta soinu zabal baten jabe” azaltzen da.
“Gai naiz zinemaskopeko gitarra solo kosmikoak eta urregintza elektronikoko egitura delikatuak naturaltasun gozoz uztartzeko. Aldi berean hauskorra, hunkigarria, bitxia, ederra eta dibertigarria da, eta gai naiz entzute hutsetik harago irauten duen ostarte bat uzteko”.