'Basques in Australia' erakusketaren inaugurazioa elkargune bilakatu da
Eskualdeko beste herri batzuetan egon ostean, gaur [otsailak 17] aurkeztu dute erakusketa Markina-Xemein. Asteburuan eta otsailaren 24 eta 25ean egongo da ikusgai.
Esther Kortak egin ditu gidari lanak erakusketan. Basques in Australia erakusketak beste geraleku bat du, Markina-Xemeinen, hain zuzen ere. Gaur [otsailak 17] egin dute inaugurazioa Arretxinagako musika eskolako bigarren solairuan. Bertan izan dira herritar asko, Australian bizitakoak, haien oinordekoak eta beste hainbat ezagun ere. Azken batean, aurkezpena elkargune baten bilakatu da.
Esther Kortak gidatu du aurkezpena eta atal bakoitzeko zehaztasunak eman ditu eta historia luzearen laburpen bat egin du. “Asko baitago kontatzeko”. Historiak istorioak sortzen ditu eta horretarako tartea ere egon izan da. “Nahi duenak edozein momentutan hitz egin dezake”. Esan eta egin. Une horiek bizitakoek hartu dute hitza eta haien esperientzia azaldu dute. Denek adi adi entzun dituzte esandakoak.
Azkenean haiek dira protagonistak. Euskal Australiar Elkarteak antolatutako erakusketak protagonisten oroitzapenak biltzen ditu, besterik ez, argazkiak, adierazpenak, bideoak… denetarik. “Galdu ezin diren artxiboak dira, asko balio dute, gure historiaren parte dira eta garrantzitsua da kontserbatzea, hurrengo belaunaldiek ere izan ahal izateko”, azaldu du Kortak. Hain zuzen ere, artxibo hori etengabe elikatzen saiatzen dira, eta Australian egon ziren markina-xemeindarrei ere dei egin diete kontserbazioaren aldeko lan horretan parte hartzen. “Diasporako artxiboa zabalik dago”.
“Aukera ezin hobea dugu erakusketa zoragarri honetaz gozatzeko”
Mari Eli Ituarte Markina-Xemeingo Udaleko euskara eta kultura zinegotziak atzeko “lan itzel” hori goraipatu du: “Errekonozimendu handia merezi dute, haiek barik ez ginelako gaur egun garen bezalakoak izango. Beraz, aukera ezin hobea dugu erakusketa zoragarri honetaz gozatzeko”. Era berean, herritarrei dei egin die erakusketa bisitazera, “gure historiaren zati bat ezagutzeko”.
Gaur [otsailak 17], bihar [otsailak 18] eta otsailaren 24 eta 25ean egongo da ikusgai. Zapatuetan 11:30etik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era egongo da zabalik. Domeketan, ostera, goizez soilik zabalduko dute, 11:30etik 14:00etara. Sarrera doakoa da.