Erkiagak eta Ibarluzeak gertukoei eskaini diete Winter Serieseko txapela
Aritz Erkiagak eta Jon Ibarluzeak irabazi dute Winter Series txapelketa, Iñaki Osa Goikoetxearen eta Unai Lekerikaren aurkako finalean. Zaleen berotasunagaz agurtu da zumaiarra.
Urduritasuna. Konfiantza. Ausardia. Beldurra. Estutasuna. Gogoa. Asko dira final bat girotzen duten sentimenduak, eta horietako asko nabaritu zitezkeen atzo [otsailak 18] Gernika-Lumoko Jai Alai frontoian, Winter Series txapelketaren finalean. 2.000 pertsonaren aurrean irabazi zuten Aritz Erkiagak eta Jon Ibarluzeak denboraldiko lehen txapelketa handia, kantxei agur esan zien Iñaki Osa Goikoetxearen eta Unai Lekerikaren aurka. Markagailuan 11-15 eta 6-15ekoak jarrita nagusitu zen Lea-Artibaiko bikotea, partida bikaina jokatu ostean.
16 urtegaz hasi zen zesta puntan Goikoetxea, eta 27 urte beranduago, armaila betearen aurrean agurtu zuen bere kirol ibilbidea. Zumaiarrak berak atera zuen norgehiagokako lehenengo sakea, eta aurreneko tantoa ere egin zuen. Berdinduda hasi zuten partida, eta 4-5ekoan aurreratu ziren lehendabizikoz Erkiaga eta Ibarluzea. Lehen zatiko atsedenaldira arte parekatuta egon zen aurrez aurrekoa, baina ispastertarra errematatzen hasi zen, eta 11-15ekoa jarri zuen markagailuan. Bigarrenean, Goikoetxeak eta Lekerikak ez zuten nahi beste asmatu. Ibarluzeak atzean ondo eutsi zuen neurketa, eta aurrean tantoak egin eta egin aritu zen Erkiaga. Hala, bigarrenez jantzi du irabazlearen txapela Ispasterrekoak, eta lehendabizikoz, markina-xemeindarrak.
Txapela familiarentzako, herritarrentzako, beti laguntzen dioten horientzako dela aitortu zuen aurrelariak: “Nirekin kilometro asko egiten duten horiena da, gurasoena, familiarena, herritarrena…”. Eta Ibarluzeak ere, egunerokotasunean berarekin dauden horiei eskeini zien garaikurra: “Neska, lagunak, familiakoak…. Egunero laguntzen didaten horientzako da txapela”.
Gernikan ere nabaritu dute gertuko horien babesa; izan ere, larrosa koloreko hainbat eta hainbat kamiseta ikus zitezkeen armailetan: “Kantxa barruan gozatzen ari gara, eta zaletuak ere hala dabiltza. Hori pozgarria da. Hala ere, ez dugu pentsatu behar hau betirako denik, lanean jarraitu behar dugu zaletuak ez nekatzeko eta gurekin gozatzen jarraitzeko”. Mezu asko jaso dituztela eta “babestuta sentitu” direla baieztatu zuen atzelariak.
Partidaren amaieran, Erkiagak onartu zuen “garaipen berezia” izan zela atzokoa, hainbat urtetan aurkari izan duen Goikoetxearen azken partidua zelako. “Egun tristea da, Iñaki ez dugulako gehiago kantxan ikusiko. Emozio asko etorri zaizkit, eta pena da Goiko agurtzea”, esan zuen atzo ispastertarrak, baina onartu zuen zumaiarraren azken partiduan beragaz kantxan aritzea “pozarria” ere izan zela.
Erkiagak eta Ibarluzeak bi aste izan dituzte finala prestatzeko, zelan jokatu erabakitzeko, aurkariei zelan garaitu aztertzeko. Eta, emaitzak emaitza, ez zela partidu erraza izan adierazi zuten partiduaren ostean: “Bagenekien eskumaldera jaurtiz gero, min egingo zigutela, eta jakin dugu tantoak bilatzen, lantzen. Errebesera bota dugu pilota, eta ondo atera zaizkigu jokaldiak”. Hasieran, pilota biziarekin, Goiko eta Lekerika “gertu” sentitu zituzten, eta pilota motelago baten alde egin zutela onartu du aurrelariak. Hala, partiduak aurrera egin ahala, “eroso” sentitu da ispastertarra, eta arriskatu ere egin du: “Eroso egonez gero, konfiantzagaz, dena ateratzen da. Ez daukazu beldurrik huts egiteko, atzera begiratzeko. Partiduak berez egiten du aurrera”.
Atzean, Ibarluzeak ondo eutsi zion. Ondo jokatu zuen, errebes eleganteagaz, eta seguru. Pilota zailak ere sartu zituen, eta tokatzen zen momentuan, gainera. “Txapelketan gure helburua izan da bera eroso sentitzea. Afizionatua da, profesionaletan ez du esperientzia handirik, eta Goikoren aurka jokatu du haren azken partiduan, finalean. Eta Lopezen aurka ere jokatu du txapelketan. Izen handiak dira eta urduri egotea normala da. Horregatik, bere lasaitasuna topatzen ahalegindu gara, ze bakarrik jokatuta inork ez du txapelketa bat irabazten. Laguna eroso egotea da denon helburua, eta lortu dugu”, azaldu zuen Erkiagak.
Ibarluzeak aitortu zuen partidu hasieran “pare bat” akats izan zituela, baina tantoek aurrera egin ahala partidan “gehiago sartu” zen, eta “hobeto” sentitu zen: “Pare bat akatsa egin ditu, baina gero hobeto sentitu naiz, arnasari buelta eman diot, eta Aritzek ikuskizun ederra eskaini eta txapela lortu dugu”.
Egindakoagaz “gustura” geratu zen markina-xemeindarra, eta txapela jantzi izanak etorkizunean aukera gehiago eskaintzea espero du: “Hau da txapelketarik entzutetsuena, denok egon gura duguna, jokatu gura duguna, oihartzun gehien daukana. Beraz, txapela irabazteak ateak zabal diezazkidala uste dut. Ikusi da jokatzeko moduan nagoela; ea laster aukera gehiago dauzkadan”.
Kantxari agur esan dio Goikok.
Final guztiak dira bereziak, baina, are gehiago, final horrek kirol ibilbide esanguratsu eta arrakastatsu bat agurtuko badu. Zesta puntaren ikonoa izan denak, dena irabazi duenak, kantxak agurtu zituen atzo Gernikako Jai Alai pilotalekuan. Goikoetxeak ezin izan zuen bere kirol ibilbidea garaipenagaz agurtu, baina egindakoagaz “pozik” geratu zen zumaiarra. “Pena da, bai, baina ez. Kirola horrelakoa da, bere momentuak dauzka. Batzuetan irabaztea tokatzen da, eta beste batzuetan galtzea”, onartu zuen.
Bazekien “partida gogorra” izango zela, Erkiaga jokoan sartuz gero “asko errematatuko” zuelako: “Aritz jokoan sartu da, eta tantoak eskegi eta errematatu ditu. min asko egin digu, eta zoriontzea tokatzen da. Eurak dira txapeldun handiak”. Lekerikak onartu zuen ez zuela finalaz gozatu: “Lehenengo zortzi tantoetan partida parekatuta izan da, baina hortik aurrera Erkiagak zortzigarren marran pilota hartu eta nahiko errez egin dizkigu tantoak. Sekulako partida egin du”. Gernikarra ahalegindu da “ondo eusten”, baina ezin izan du.
Lekerikak onartu zuen “ohorea” izan zela berarentzat Goikoetxearekin jokatzea haren azken partidua, eta gauza bera esan zuen zumaiarrak: “Plazerra izan da Unairekin jokatzea, eta txapelketa irabazi ez arren, lagun bat irabazi dut”. Goikoren azken partidua berarekin jokatzea oraindik ez du barneratu gernikarrak, baina denborarekin “pozik” gogoratuko duela esan zuen: “Goiko bezalako pilotari bategaz bere azken partidua Winter Seriesean jokatzea ohorea da, plazerra da. Oraindik ez daukat barneratuta, baina urteak pasatzen direnean pozik gogoratuko dut Iñakiren azken txapelketan bere bikotea izan izana, eta finala jokatu izana”.
Goikoetxeak agurra iragarri zuenetik hainbat hilabete igaro dira, eta partida amaitzerakoan “lasaiago” sentitu zela onartu zuen: “Oso ondo nago. Urte guzti hauetan motxila bat izan dut bizkar gainean, urtetik urtera pisua hartzen joan dena. Motxila ikusezin bat zen, presioa pilatzen zuena, zesta puntaren erreferente izan behar nintzela sentitzen nuelako, ondo jokatu behar nuelako, irudia ere izan behar nintzelako… Hori guztia atzean eramatea nekagarria da, eta partidako azken tantuan pisu hori kantxan utzi dut, eta orain askoz ere arinago nago”. Urte guzti hauetan emandakoagaz ere gustura geratu zen: “Urte guzti hauetan oso ondo aritu naiz. Ezin gara geratu partidu batekin bakarrik geratu. Urte guzti hauetan eman dudan maila oso ona izan dela, eta pozik nago. Nire gorputzari ezin diot gehiago eskatu“.
Herritarrei urte guzti hauetako babesa eskertu zien Goikoetxeak, eta esan zuen frontoia beteta ikustea ezin dela diruarekin ordaindu: “Hori da geratzen zaizuna”. Zesta puntua “berriro berpizten” ikustea dela albisterik onena berretsi zuen atzelari gernikarrak: “Polita da Gernika horren beteta egotea. Albisterik onena da zesta punta berriro berpizten ikustea. Azken bizpahiru urteetan ikuslego berria dagoe, txapelketa berriak antolatzen hasi dira, eta astelehenero 2.000 pertsona frontoira etortzea ez da kasualitatea. Hemendik aurrerako txapelketetan ere, zesta puntak horrelako bultzada jasoz gero, aurrera jarraituko du. Ea denon laguntzarekin hor goian mantentzen dugun”.