Aimar Aldazabal: "Berriatuan banakako txapelik ez irabaztea da nire arantzarik handiena"
21 urteko ibilbidearen ostean berriatuarrak Banakako Txapelketako finalaurrekoetan jokatu zuen profesionaletako bere azken partida, Mendibarrenen. 21 urtetan 1.000 abentura bizi izan ditu.
Bi hilabete luze pasa dira profesionaletako zure azken partidatik. Zelan zaude?
Ondo. Beste bizimodu batean, behin zesta-punta alde batera uzteko pausoa emanda. Ondo pentsatutako erabakia izan da eta oso pozik amaitu nuen etxeko azken agurragaz. Orain hasi naiz gehiago nire ibilbidea baloratzen.
Zer egiten du orain Aimar Aldazabalek egun arrunt batean?
Lan egin, familiagaz egon, eta, orain, zesta-punta alde batera utzita, bestelako kirolak egin. Lehen astean behin etortzen nintzen Berriatura eskolako partidak jokatzera eta gimnasioan ere saio espezifikoak egiten nituen edozein momenturako prest egoteko. Orain bestelako kirolak egiten ditut, baina, momentuz, zesta-punta alde batera utzi nahi izan dut. Azken partidatik ez dut xistera ukitu. Hurrengo hilabeteetan berriro gogoekin banago, etorriko naiz partida edo kinielaren bat jokatzera.
Beraz, ez da askorik aldatu zure bizitza.
Ez. Azkenean, zesta-puntatik gutxi batzuk bakarrik bizi dira. Nik ia beti uztartu behar izan ditut lana eta kirola. Lehen denbora asko kentzen zidan kirolak. Winter Seriesa jokatu nuenean, ia astelehenero entrenatzen genuen Gernika-Lumon. Ni zuzenean joaten nintzen lanetik; motxila goizean prestatu eta tuper bat bazkaltzen nuen. Orain ez dut horrelako sakrifiziorik egin behar, nahi dudanean jokatuko dut.
“Agur perfektua izan zen, etxean, familiakoekin eta nire diziplinan”
Orain, perspektiba gehiagogaz, zelan bizi izan zenuen zure azken partida?
Gustura geratu nintzen. Aukera izan nuen beste urte batez finalean sartzeko. Egia esan, ez nuen espero Johan Sorozabali irabaztea, urtebete egon nintzelako profesionalen aurka jokatu barik, eta berak asko jokatu du urte osoan. ‘Zelan irabaziko diot nik honi’ pentsatzen nuen, beste erritmo bat zuen. Bi hilabeteko prestakuntza on bat osatu nuen, eta emaitzak onak izan nituen, inork gutxik ezagutzen du frontoi hau nik bezala. Finalaurrekoetan ere Erik Mendizabalen aurka puntu bakarragatik galdu nuen lehen seta, aurretik joan ostean, eta set bategaz aukera gehiago izan nitzakeen. Lan ona egin nuen.
Ingurukoek zer esan dizute?
Batzuk esan didate banakakoan eman nuen maila onagaz ea zergatik erabaki nuen erretiratzea. Oso pozik nago maila onagaz erretiratzea ez delako askotan ematen, eta nik lortu dut. Hala ere, ondo erabakita nuen. Gazteak indartsu datoz atzetik, eta ez nuen nire burua profesionaletan ikusten.
Noiz eta zergatik hartu zenuen erretiratzeko erabakia?
Enpresak zein bide hartzen ari ziren ikusi nuen. Nik bai uste nuen maila emateko gai nintzela, eta emaitzak hor zeuden, 2022an Lekeitioko Master Seriesa irabazi nuen Goikogaz, Pro-Am txapelketa ere irabazi nuen Thomas Urrutiagaz eta banakakoan ere Aritz Erkiaga kanporatzear egon nintzen. Hala ere, ez zidaten aukerarik eman, eta azkenean horrek ere min egin zidan. Uste nuen jokatzeko moduan nengoela, baina gazteagoen aldeko apustua egin zuten. Izan ditut frustrazio uneak, eta, era berean, uste nuen beste bizpahiru urtetan jokatzeko moduan nengoela. Aukerak izan banitu, argi dut jokatzen jarraituko nuela, fisikoki ondo nagoelako. Partidak jokatzea gogorrago entrenatzeko motibazio bat da, eta nik hori galduta nuen, sakrifizio asko egiten nituen eta ordainetan ez nuen ezer jasotzen. Horrez gain, etxean jokatu nahi nuen azken txapelketa. Plazak eta Lekuek esaten zidaten jokatzeko. Zalantzak izan nituen arazo fisiko txikiak nituelako pubisean eta ez nuen arrastaka ibili nahi frontoian. Beste modu batera gozatu nahi nuen bizitza.
“Maila onagaz erretiratzea ez da askotan ematen, eta nik lortu dut”
Behintzat, zuk nahi bezala agurtu ahal izan zinen?
Perfektua izan zen; etxean, familia, lagun eta ingurukoen aurrean eta betidanik gehien gustatu zaidan diziplinan. Eta are pozago amaitu nuen maila ona eman nuelako.
Guztira 21 urte izan dira. Atzera begira, zelan ikusten duzu zure ibilbidea?
21 urte eta mila abentura. Lau urte Ameriketako Estatu Batuetan, Iparraldean, Mexikon eta Filipinasen jokatu dut. Totorika enpresa desagertu zenean, zesta-punta laga nuen, eta sei hilabetez txirrindularitzan sartu nintzen. Denetarik bizi izan dut. Mundu guztian zehar egon nahiz zesta-puntara jokatzen, eta hori gaur egungo gazteek ezin izango dute bizi. Adibidez, osaba Felixegaz jokatzeko aukera izan dut, niretzat erreferente bat zena. Ameriketako Estatu Batuetatik bueltan jokatu nuen beragaz, eta hainbeste partida eta txapelketa irabazi genituen. Nire idoloa zen. Gero, bizi izan dut nirekin jokatu zuten askok apurka lagatzen joan direla, eta ni hor mantendu naiz. Fisikoki indartsua naiz, eta astero etortzen nintzen jokatzera. Hemen lehiakortasun handia dago, inork ez du galdu nahi. Horrek maila mantentzeko balio izan dit. Nik, gainera, aurrean zein atzean jokatu dut. 2018an, Mexikon, besoko tendoia apurtu nuenean, atzelari izateko erabakia hartu nuen. Beti esan izan didate atzean jokatzeko jokamolde aproposa nuela, eta horri esker urte gehiago jokatu ahal izan ditut.
Hau da, denetarik bizi izan duzu.
Hori da. Filipinasen, adibidez, bi aldiz egon naiz; bi asteko bi txapelketa jokatu nituen eta beste gizarte edota bizimodu bat ezagutzeko aukera izan nuen. Gauza horiek guztiak nire buruan geratuko dira betirako. Mexikon min hartu nuen, eta ostera itzultzeko aukerak izan banituen ere, ez nintzen itzuli. Danian ere Ibon anaiagaz jokatzeko aukera eduki nuen. Lau urte neramatzan atzean jokatzen, eta ostera ere aurrean jokatzea nahi zuten, Aldazabal anaiek elkarrekin jokatzeko. Oporretan joatekoa nintzen, eta jokatzen amaitu nuen. Aritz Erkiagari Winter Serieseko finalaren ostean zesta bat erosi nion eta Estatu Batuetara joan nintzen. Maila handia eman genuen eta ia finalera heldu ginen.
Orain belaunaldi aldaketa dator; Goiko ere erretiratu da.
Normala da. Erkiaga eta Lopez dira hurrengokoak. Geratzen direnak onenak dira, gutxi batzuk jokatu dezakete haiek bezala adin horregaz. Ez dira lehen bezain onak, fisikoagatik, baina hala ere, onenak izaten jarraitzen dute. Ez da erreza belaunaldi aldaketa, gazteentzat batez ere. Afizionatuetatik profesionaletara jokatzea jauzi handia da. Gu apurka sartu ginen, jaialdiko lehen partida asko jokatu ditugu, eta gero partida estelarra jokatzera heldu ginen. Orain egun batetik bestera ematen da hori. Ez da berdina 2.000 zaleren aurrean lehen edo bigarren partida izatea. Bat-batean zure burua hor ikustea ez da erreza. Gaur egun hori da apur bat falta dena, gehiago jokatu behar dute gazteek, eta elitera emateko jauzi hori hobeto prestatu.
“Lehen, orain baino ikuskizun hobea ematen zuten puntistak zeuden”
Arantzaren bat geratu zaizu?
Berriatuan banakako txapelik ez irabaztea. Nire mailarik onena eman dut azken bost urteetan Mendibarrenen, bi final eta beste bi finalaurreko jokatu ditut. Lopezen aurka aukera gutxiago nituen berak asko jokatzen duelako, baina Jokin Arberen aurka huts egin nuen. Nire buruari txapela irabazteko presioa jarri nion, eta Berriatuan jokatu dudan partidarik txarrena hura izan zen. Hori da nire arantzarik handiena. Gero, bai, Winter Serieseko finala galdu nuen, final asko galdu ditut, eta hori ez naizela final askotara heldu den puntista izan.
Eta ahaztuko ez duzun uneren bat?
Osaba Felixegaz irabazi nuen lehen txapela Bilboko Klub Deportivon. Ameriketatik etorri berritan irabazi genuen. 20 urte inguru nituen. Gero, ahaztu ez dudan beste egun bat Winter Serieseko finalekoa da. Ez nuen lorik egin urduritasunagatik. Lehendabizikoa zen, boom ikaragarria. Orain, astelehenero Jai Alain 2.000 pertsona ikustera ohitu gara. Goiko bera ere urduri zegoen, eta pentsa zenbat final, denetarikoak, jokatu dituen. Nik beti diot produktua, zesta-punta, beti egon dela hor, beti izan da kirol erakargarria. Baina zein garrantzitsua den produktua saltzea! Eta errealitatea da lehen orain baino ikuskizun handiagoa eta hobea ematen zuten puntistak zeudela.
Eta zelan ikusten duzu zesta-puntaren etorkizuna?
Oinarriak egonkortu behar dira. Orain badaude puntistak soldata jasotzen dutenak, baina, adibidez, esku-pilotak duenera heltzeko oraindik asko falta da. Azkenean Winter Serieseko puntista batek bost hilabetetan, asko jota, bost partida jokatzen ditu. Ume asko daude eskoletan, etorkizuna egon badago, baina denetan moduan diruak markatuko du norabidea.