Tarine musika eskolak Durangoko lehen piano topaketan parte hartu du
Domekan [otsailak 25] Euskal Herriko hainbat musika eskola elkartu ziren eta Tarineko hamar ikaslek parte hartu zuten.
Durangoko Ertzilla musika eskolak lehen aldiz antolatu du piano topaketa. 2021/2022 ikasturtera arte Andoainen egiten zenaren beste fase bat dela esan dute, bertan 18. aldiz antolatu baitzuten. Dena Andoainen bildu beharrean, zabaltzeko erabakia hartu dute azkenaldian.
Ohi bezala, bertan izan ziren Tarine musika eskolako piano jotzaileak. Domekan [otsailak 25] elkartu ziren Euskal Herriko, piano jole, ikasle eta irakasleak elkartu ziren, bakarka, lau eta sei eskuetakoak eta adin desberdinetakoak, musika genero desberdinak joz.
Euskal Herriko Musika Eskolen Elkarteak eta bere baitan dauden Musika Eskolek eta piano irakasleek antolatutako jaialdia da eta helburua argia du: “ikasleek pianoaz gozatzea eta partekatzea. Zerbait egin behar genuen gure piano ikasleak motibatzeko, pianoa ez delako tresna bat kalean jotzen dena kalejiretan, baizik eta barruan izaten da”.
Hain zuzen ere, Tarinetik hamar ikaslek parte hartu zuten. A mailako lau bakarlari eta bikote bat lau eskuetara, B mailako bi bakarlari eta C mailako bikote bat lau eskuetara. Parte hartzaile guztiek elkarteko zapia eta ziurtagiria jaso zuten.
Ikasle gazteentzat lehen aldia izan da horrelako kontzertu batean parte hartzen. “Egia esan harro sentitzeko moduan gaude, zelako emaitzak, zelako ondo, euren urduritasuna nola kudeatu duten, zelan jakin egoten eszenatoki baten eta euren beldurrei aurrera egiten jakin dutelako. Ikasle gehienek buruz jo zuten, bakoitzak bere abestia ondo prestatu zeramalako. Gurasoak ere oso pozik amaitu zuten”.