Berriatuak medikua izango du, baina jardunaldi erdira
Horrez gain, Osoko Bilkuran Foro Feministaren herri zaintzaile baten aldeko mozioa onartu zuten, aho batez.
Berriatuko Udalak Osoko Bilkura izan zuen eguaztenean [otsailak 28] eta hainbat mozio aurkeztu eta onartu ziren. Hasteko, EH Bilduk Lea-Artibaiko herrietan aurkeztutako Osakidetzaren inguruko kexa onartu zuten. Hain zuzen ere, Berriatuan asteak daramatzate elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten, martitzenero eta eguenero, 18:00etan anbulategi aurrean.
Atzo [otsailak 29] ere egin zuten. Osakidetzatik lehen erantzun bat jaso dutela esan dute udal ordezkariek: medikua izango dute, baina jardunaldi erdira egongo da. Ondarroagaz elkarbanatuko dute berriatuarrek medikua. Udaletik esan dute irtenbidea ez dela “nahikoa”, eta mobilizazioekin jarraituko dutela aurreratu dute.
Aurrerapausoak. Beste mozio nagusia herriko Foro Feministak aurkeztutakoa zen, herri zaintzaile baten aldekoa. Azaroak 30eko greba orokorraren harira eta martxoaren 8ko eguna hurbil izanda, gizartea “zaintza krisi” batean murgilduta dagoela baieztatu zuten: “Egungo zaintzen antolaketak ez baititu gizartean dauden zaintza beharrak asetzen”. Greban argi geratu zen zaintzak “erdigunean jartzekoa unea” dela eta erakundeen politiketan “diskurtso hutsak” atzean utzi eta “ardurak hartzeko garaia” dela esan zuten.
“Egungo zaintzen antolaketak ez baititu gizartean dauden zaintza beharrak asetzen”
Horretarako, Gobernantza Feminista “ezinbestekoa” dela diote: “Egiteko moduei, egiten denari baina gehiago begiratzean datza. Demokratizazio prozesu bat da oro har, lehentasunak definitzeko beste begirada bat; jarduteko eta lan egiteko prozeduretan aldaketa. Gobernantza feministari buruz ari garenean lidergo transformatzaile bati buruz ari gara eta bestelako gobernantza eredu batez”.
Erakundeetako “estruktura estankoak” apurtu behar direla adierazi dute, proiektu elkarbanatuak eraiki eta kudeatzeko. “Herritarrekin dinamika eraldatzaile eta partekatu bat abiatu behar du, Udaletik ahalegin eta konpromisoa aitortuz, proposamenak eta aldarrikapenak jasoz, eta topaketa- eta elkarrizketa-guneak bultzatu eta indartuz”.
Horrenbestez, Berriatuko Udalak estrategia publiko-komunitarioak abian jarriko ditu. Etxeko langileen egoera aztertzeko eta baldintzak hobetzeko lana egingo dute. Era berean, adin nagusiko emakumeen ahalduntzea sustatzeko lan saioak egiteko konpromisoa hartu dute.