Lea Artibai Fundazioaren “erreferentzialtasuna” nabarmendu dute aldunditik
Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariak Lea-Artibai Berrikuntza Gunean elkartu ziren eskualdeko hainbat eragile eta udaletako ordezkariekin.
Ainara Basurko, Ekonomia Sustatzeko Sailaren foru diputatua, Cristina Muxika, lurralde lehiakortasunerako eta kanpo sustapenerako zuzendari nagusia eta Beatriz Fernández, Ekonomia Sustatzeko Departamentuko Eskualde Garapeneko Zerbitzuko teknikariak Bizkaia Orekan Sakonduz (BOS) estrategiako bileran parte hartu zuten. Horrez gain, Amaia Zabala, Gizaburuagako alkatea; Garbiñe Saenz de Buruaga, Ispasterko alkatea; Urtza Alkorta, Ondarroako alkatea; eta Noelia Barruetabeña, Lea Artibai Ikastetxeko zuzendariak ere izan ziren bertan.
Eragileek elkarrizketarako eta lanerako “funtsezko gunea” izan zela nabarmendu dute, “eskualde garapenerako eta erakunde publiko eta pribatuen arteko sinergiarako”. Bizkaia Orekan Sakonduz estrategiaren aurreko ekitaldiko emaitzen balorazioa egin eta 2024rako helburuetan sakondu ondoren, Leartibai Fundazioa Lea-Artibai eskualdeko industria- eta industriari lotutako zerbitzu-enpresekin garatzen ari den proiektu eta ekintzei buruz aritu ziren.
“Beste gobernantza eredu batzuen aldean, eskualdeko garapen ekonomiko eraginkorragoa eta kohesionatuagoa bultzatzen du”
Hain zuzen ere, aldunduko ordezkariek Lea Artibai Fundazioak eskualdean erreferentziazko eragile bakar gisa duen erreferentzialtasuna azpimarratu zuten, “beste gobernantza eredu batzuen aldean, eskualdeko garapen ekonomiko eraginkorragoa eta kohesionatuagoa bultzatzen baitu”. Bizkaiko zein eskualdeko udaletako ordezkariek nabarmendu zuten Leartibai Fundazioak “gaitasun handia” duela BOS estrategian proiektu berritzaileak eta erreferenteak garatzeko.
Gainera, eskualdeko enpresei aldundiaren funts publikoak lortzen laguntzeko duen gaitasuna ere goraipatu zuten. Izan ere, 2023ra arte, Fundazioari esker, Ekonomia Sustatzeko Sailak eskualdeko 64 proiektu babestu ditu, eta 32 enpresak hartu dute parte.
Bizkaia Orekan Sakonduz aldundiko Ekonomia Sustatzeko Sailak eta sozietate publikoak bultzatutako estrategia da. 2016an sortua, bere helburu nagusia da Bizkaia “orekatu bat” bilatzea da, “lurraldeko industria eta zerbitzu enpresa aurreratuen lehiakortasuna indartuz, toki-garapeneko eragileen bitartez”. Gaur egun, tokiko eta eskualdeko 23 garapen-agentziak osatzen dute, besteak beste, Leartibai Fundazioak. Sare horretako partaide izateak Leartibai Fundazioari urtero industria eta industriari lotutako zerbitzu enpresen zerbitzura zazpi programa jartzeko aukera ematen dio.