Martxan da euskaradun herriaren harrotasuna aldarrikatzen duen Korrika
Gaur hasi da euskararen aldeko lasterketa Irunen, eta Baionan amaitu bitartean –hilaren 24an–, 'Harro Herri' lelopean, askotariko eragileak elkartuko ditu Korrikak. Lehenengo kilometroa Irungo AEK-ko irakasleek eroan dute. Martxoaren 20an eskuz esku ibiliko da lekukoa eskualdean.
Harro Herri lelopean abiatu da Korrika. Martxan da euskaldun herriaren harrotasuna aldarrikatuko duen lasterketa. 16:00etan hasi dira arineketan Irunen, eta martxoaren 24an Baionan amaituko duten ibilbidearen hasierako pausoak emateko ardura eta ohorea izan dute Irungo AEK-ko irakaslek. Horiena izan da lehenengo kilometroa.
Irungo AEK euskaltegiko zuzendari Beñat Alzagak aurkezpenean esan zuen modura, lehen kilometroak “euskaraz bizitzeko indarra” erakutsi du, baita Irunen euskalduntze lanak aurrera egiteko duen gogoa ere.
Aurkezpen ekitaldian, baina, euskararen normalizaziorako “ibilbide luzea” geratzen dela egiteko adierazi du Ane Elordi Euskal Herriko Korrikako koordinatzaileak: “Euskararen herriak, euskaldunon herriak, Euskal Herriak, euskaldunok segitzen dugu bigarren mailako izaten, zapalduak izaten, gutxituak izaten”.
Izan ere, euskaldunen eskubide kolektiboak “aldiro-aldiro urratzen” dituztela gogoratu du Alzagak, eta euskararen eta euskal hiztunen kontrako oldarraldia –”tamalez, azken aldian areagotua”– jarri du horren adibide. “Bada garaia hortzak erakusteko, baina hori egiteko modu asko daude, eta guk bestela egingo dugu”.
Hala, Korrikak Euskal Herria goiti-behera, ezker-eskuin zeharkatuko duen honetan, “irribarre handienak eta alaienak” erakusteko deia zabaldu dute: “Zergatik? Harro gaudelako. Gu garelako, elkarregaz gaudelako”. Lekukoa urratsez urrats eta eskuz esku doan bitartean, herri bulkada lau haizetara zabaltzeko eskatu dute: “Ikus dezaten hemen, hor eta han, badela herri bat, badela euskararen herri harroa, euskaldunona: badagoela euskarak marrazten duen herri harroa“.
Hori lorgarria dela sinistuta, horretarako hizkuntza politika ausartak behar direla aldarrikatu dute: “Hizkuntza politika ausartak behar ditugu komunitate honen parte izan nahi duten guztientzat, euskal hiztun izan edo ez izan; hau da, etorkizuneko euskal hiztun izan gura duten horientzat ere bai”. Horregatik aldarrikatu dute berdintasun printzipioa: euskaraz bizi ahal izatekoa.
Azterketak Euskaraz: kolektiboaren indarra.
Aurten, Azterketak Euskaraz kolektiboa omenduko du Korrikak, zehazki, Baxoa eta Brebeta euskaraz egiteko borrokan aritu eta ari diren ikasleak, “euskara delako euren aldarria, Korrikarena modura”. Euren ikasketen une erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza eskubideak aldarrikatzeko hautua egin zuten, “Frantziako Gobernuaren aginduen gainetik eta euren notetan ondorioztatutako kaleak onarturik”.
Euskararen ekintzaile dira, eta Korrikak euren egoeraren berri emateko bozgorailu izan gura du: “Euskal Herri osoan, eta hemendik kanpo ere, jakin dezatela gazte horiek egun ezin dutela ikasketen zati garrantzitsu hori gure hizkuntzan egin”.
Hala, Korrikan Azterketak Euskaraz sostengatzeko ekimena proposatu dute Etxepare lizeotarrek; hain zuzen ere, lasterketan doazela, lekukoa hartzean aldarri hori ondoan eramatera animatu dituzte Euskal Herriko ikastetxe guztiak zein herritarrak. Argazkiak ateratzeko eta Selauruako kontura (selaurua.betez@betxepare.eus) edo Whatsappera (0033 685 37 98 99) bidaltzeko eskatu dute; argazkiagaz herriaren edo ikastetxearen edo elkartearen izena jartzeko eskatu dute.
Gure Eskuren deia.
Gure Eskuk “ikurren uholdea” sortuko du Korrikak iraun bitartean. Plataformak “herri harrotasuna” erakutsi gura du Korrikak irauten dituen 10 egunetan, eta, horretarako, ikurriñak eta Nafarroako banderak kalera ateratzeko deia egin du: “Ikurren uholdea sortuko dugu hamar egunean, Korrikak gure errepideak zeharkatuko dituen bitartean”.
Euskararen aldeko lasterketak 2.500 km egingo ditu. Busturialdera, Lea-Artbaira eta Mutrikura apirilaren 7an ailegatuko da. Beraz, Korrikaren etorrerarako girotzen hasteko ordua denez, ekitaldiak egingo dituzte asteburuan, zenbait herritan.
EGITARAUA
Munitibar
Etzi.
18:00. Enperadorearen kondaira antzerkia, auditorioan.
Ondarroa
Bihar.
17:00. Korrika Txikia, Kamiñazpin hasita. Amaiera ekitaldia, Musika plazan.
Ziortza bolibar
Etzi.
13:00. Korrika txikia.