Txikienek hartu dute lekukoa
Korrika girotzen hasita dago Lea-Artibai eta Busturialdeko herrietan. Harro Herri lelopean Korrika kulturaleko ekimenak eta Korrika Txikiak ikusteko aukera izan dugu asteburuan.
Barikuan, egun aproposa izan zen Ondarroako txikienak kaleak hartzeko. Korrikari etorrera egiteko herria girotuta laga zuten txikienek. Kamiñazpitik abiatuta herriko txikiek euskararen aldeko aldarria zabaldu zuten. Zubi Zahar Herri Ikastola, Aurrera Kirol Elkartea, Zaldupe eskola, Ondarroa Arraun Elkartea, Unanue Musika Eskola, Artelan eta Bixikaneko txikienek lekukoak eskuz esku igaroaz, Musika Plazarako ibilbidea osatu zuten, familia eta lagunen babesagaz, eta herritarren txalo artean. Musika Plazan borobildu zuten ekitaldia, danek batera abestu eta Korrika handiari ongietorria egiteko behar bezalako giroa ipinita
Ziortza-Bolibarko Korrika Txikiak 40 ume inguru elkartu ziren; taldeka banatuta egon ziren umeak, auzoen arabera. Plazatik Boni Agarre kalean behera Ziortzako gurutzeraino joan ziren. Hortik, Domingo Ugartetxea kalean joan ziren beheko zubiraino, errepidetik. Beheko zubitik Santiago bidean Kaltzabururaino joan ziren, eta azkenik plazan elkartu ziren denak.
Hankak martxan jartzeaz gain, kulturaren kabia izan ziren eskualdeko herrialdeak. Mundakan, Igone Olabarria eta Beda Ajuriagogeaskoak Korrikaren historia: berbaldia eta erakusketa hitzaldia eskaini zuten udal liburutegian, eta Muxikan, ostera, Bizkarsoro filma ikusteko hitzordua ezarri zuten.
Zapatuan eguraldia lagun izanik, kantu kalejira egingo egun aproposa izan zen mundakarrentzat, Josepa Kale-Kale taldeagaz aritu ziren herrian zehar jai giroa zabaltzen. Ez zen izan, ostera, Busturialdeko hitzordu bakarra Bedaronan ere mahai inguruan batzeko aukerari heldu eta Korrikaren aldeko herri afaria egingo zuten. Domekan, ostera, Mundakan eskaini zuten Bizkarsoro filma.
Lekeition grabatutako Korrikako bideoaren lehen irudiak ikusteko aukera dago jada, eta udalak eskerrak eman nahi izan dizkio herritarrei: “Mila esker bideo herritarrean parte hartu zenutenori. Batez ere, Nam Joon Kim eta Zorione Aboitiz. Herri ederra gara! Zaindu dezagun gure nortasuna, gure euskara”.