Europako ordezkariek Ondarroako eta Lekeitioko portuak bisitatu dituzte
Joan den astean Lea-Artibai Fundazioak gidatzen duen Fishinn Interreg Atlantic Area proiektuaren lehen topaketa egin zuten. Helburua da arrantza ekosistemarako aukera berriak bilatzea.
Portugaleko, Irlandako eta Frantziako enpresa eta elkarte desberdinetako ordezkariak Lea-Artibain egon ziren joan den astean Lea-Artibai Fundazioaren eskutik. Hain zuzen ere, Ondarroako eta Lekeitioko portuak bisitatu zituzten arrantza hornikuntzako katean berrikuntza aukerak sustatzeko ideiagaz. Lea-Artibai Fundazioak gidatzen duen Fishinn Interreg Atlantic Area proiektuaren lehen topaketa izan zen.
Azaldu dutenez, Atlantikoko arrantza industriaren “gainbeheraren” aurrean, proiektuak arrantza “lehiakorragoa eta indartsuagoa” sustatu nahi du. “Ezagutzak partekatuz eta teknologia berriak erabiliz, irtenbide adimendunak, zirkularrak eta eraginkorragoak sortzea espero da, arrantzaren egoera hobetzeko”. Proiektuak hiru urteko iraupena du. Lekeition eta Ondarroan arrantza teknikak, arrantzatzen diren espezieak eta bi portuek Euskadiko arrantza-sektorean duten garrantziaren inguruan aritu ziren.
Bertan izan ziren, besteak beste, Ainhoa Arrizubieta Leartibai Fundazioko zuzendaria, Urtza Alkorta Ondarroako alkatea, Leandro Azkue Eusko Jaurlaritzako Arrantza eta Akuikulturako zuzendariak, Ekaitz Urtiaga Itsas Garapen Elkarteko zuzendaria eta Zuriñe Gojenola Lekeitioko alkateordea.
Bisita FISHINN proiektuaren lehen urratsetako bat da. Euskal Herriko, Portugaleko, Irlandako eta Frantziako elkarteak aukeratutako portu bakoitzaren diagnostikoa egiten ari dira, “erronkak eta aukerak identifikatuz”. Aurrerago, negozio ideia eta irtenbide berritzaile berriak identifikatu eta aztertuko dituzte, Europan identifikatutako erronkei aurre egiteko, eta, azkenik, irtenbide horien aukeraketa egingo dute eta eskualde bakoitzeko ibilbide orriak garatuko dituzte aurrera eramateko.
“Helburu nagusia da tokiko arrantza ekosistemen eta hornikuntza kateen lehiakortasuna eta erresilientzia areagotzea Atlantikoko eremuan, tokiko eragileen lankidetza eta berrikuntza-gaitasunak indartuz”. Horretarako, denen arteko lankidetzaren garrantzia nabarmendu dute. “Negozio eredu adimentsu, zirkular eta eraginkorragoetara eta irtenbide berritzaileetara igarotzea sustatuko da betiere lurralde horietako pertsona interesdunen artean ezagutzak partekatuz eta zentro teknologikoen laguntzagaz”