Ladutxe-Basque eta Erkiaga-Manzi, Lekeitioko Masters txapelketako finala
Zapatuan [martxoak 23] jokatu zituzten finalaurrekoak Santi Brouard pilotalekuan eta herritarrek harmailak bete zituzten.
Lekeitiokoa da Jai Alai Ligako lehen txapelketa puntuagarria Gernika-Lumoko Winter Series txapelketaren ostean, eta ahalik eta arinen puntuak batzeko gogoa eta beharra agerikoa da. Santi Brouard frontoian argi geratu zen zapatuan [martxoak 23].
Lehen finalerdian Jon Bullet Zabalak hilabete askoren ostean onenen aurka lehiatzera itzuli zen, normala den bezala, kosta zitzaion erritmoa hartzea. 3-8 eta 6-11 aurreratu ziren Ladutxe eta Basque eta bideratuta utzi zuten lehen seta (9-15). Bigarrenean ere nagusi ziren jokoan zein markagailuan. Bikote sendoa osatzen dute, ondo elkar ulertzen dute eta batez ere hutsegite gutxi egiten dituzte, Johanek eta Zabalak ez bezala. 9-13 joan direnean heldu da inflexio puntua, Ladutxeri xisteraren takoa apurtu zaio eta aldatu behar izan du. Hitz egiteko denbora izan eta gero, indarberrituta atera dira Johan eta Bullet eta markagailua iraultzea lortu dute (15-14). Set erabakigarrian, berriz, ostera ere haien jokoa ezarri dute Ladutxek eta Basquek 0-4 aurreratuz. Baina ostera ere launa berdintzeko gai izan dira marroiak eta azken tanto erabakigarrian erabaki da finalerako txartela.
Bigarren finalaurrekoan ere kolore bat izan da nagusi, marroia kasu honetan. Aritz Erkiagak beste behin erakustaldia eman du, berdin dio txapelketa, frontoia edota aurkaria. Urreistik eta Lekerikak ondo eutsi diete lehen tantoetan ispastertarra saihestuz, lau berdintzea lortu dute. Baina hortik aurrera jaun eta jabe izan da aurrelaria eta Manzi lan onagaz batera alde egin dute markagailuan (15-7). Bigarrenean ere kolore guztietako tantoak amaitu ditu Erkiagak eta berehala tartea zabaldu dute (11-7). Lehen finalaurrekoan bezala, unerik gogorrenean gora etorri dira Lekerika eta Urreisti eta tanto ederrak amaitu dituzte. 14-14 hurbildu dira, ispastertarrak partida hasi bezala amaitu duen arte: horma bikoagaz.
Horrenbestez, Ladutxe-Basque eta Erkiaga-Manzi bikoteek jokatuko dute Lekeitioko Masters txapelketako finala eguenean [martxoak 28] 18:00etan. Egun berean Women Winter Serieseko desafioa jokatu dute Mugartegi-Frida eta Barrenetxea-Watkins bikoteek.
Beste hitzordu bat. Lekeition jokatu duten zortzi puntistetako bost ariko dira apirilaren 1ean eta 8an jokatuko duten Zumaiako Mastersa. Lehen finalaurrekoan Johan-Del Rio eta Urreisti-Manci ariko dira eta bigarrenean Erkiaga-Uranga eta Cosme-Lekerika.