"Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago"
Garazi Arrula Ruiz idazleak idatzi eta irakurri zuen 23. Korrikako mezua, atzo, Baionan. "Inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuena" izan dela ondorioztatu dute AEK-ko antolatzaileek.
Euskal Herria alderik alde zeharkatu du 23. Korrikak. Martxoaren 14tik 24ra, ia 2.800 kilometro osatu ditu, herriz herri, eskuz esku, euskaltzaleen pausoekin aurrera eginez, gauez zein egunez, euripean edo eguzkipean, euskararen alde. Eta atzo (martxoak 24) ailegatu zen Baionara, Irundik. Eta jendetzaren aurrean irakurri zuen Garazi Arrula idazleak Korrikako lekukoak 11 egunez gordetako mezua.
Txalaparta argitaletxeko editore eta itzultzaile tafallarraren mezuak nabarmendu du Korrika dela “herri bat gose, herri anbiziotsu bat, euskaraz harro bizitzeko gosea”. Eta azpimarratu zuen herri honek ez duela euskararekiko “kontingentzia planik” gura, “egiazko trantsizioa” baizik. “Eta izanen bada, kolektiboa, antolatua eta lotsagabea izan beharko du. Gutariko bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake; euskarak gu baizik ez gaitu. Nor izatearen aitortza, horixe dugu euskara: ez gehiago, ez bestelako, ez gutxiago”.
Arrulak idatzitakoaren arabera, “desira transmisiorako bide behiena” izan arren, ez da ahaztu behar “hizkuntzaren auzia politikoa” dela, eta urgentziazkoa: “Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du hizkuntz-politikak”.
Euskararen komunitatea zabaltzeko desira ere aipatu zuen idazleak: “Gurea egunero idazten, kontatzen, egiten gabiltza, gero bat gaurdainik sortzen, euskarari bere lekua munduan eta geroan finkatzen. Mundu oso bat kabitzen baita euskaran. Garenak eta izango direnak, etorri direnak eta etortzen ari direnak, dagoeneko bagarenak, badirenak”.
“Inoizko anbiziotsuena”.
2.800 lekuko aldaketa, 4.900 eramaile eta 11 egun eta 10 gau igaro ostean amaitu zuen bere bidea Korrikak, “inoizko Korrikarik erraldoi eta anbiziotsuenak” AEK-ko antolatzaileen berbetan, herria harro egoteko modukoa. “Beste behin, euskararen herriak Euskal Herri osoko errepide eta kaleak hartu ditu. Itzela izan da: argi geratu da hemen badagoela komunitate oso bat, konplexurik gabekoa; ez du onartzen kontingentzia planik euskararen normalizaziorako: horren ordez, egiazko trantsizioa nahi du”, esan dute antolatzaileek, mezuen idatzitakoari jarraiki.
Parte hartze masiboa “herri gisa” egin dute, batuta: genero, kolore eta sentsibilitate politiko anitz gerturatu baitira Korrikara, euskararen aldeko ekimen zirraragarrira, “herri aldarri alai eta tinkora”. Horietako batzuk euskaradunak direla, eta beste batzuk euskaradunak ez izangatik ere, badirela euskararen munduaren zati adierazi dute: “Ateak zabal zabalik dituzue guztiok; barneratzeako bidea, librea. Euskararen herrian eroso bizi ahal izateko desioan, lekua dago edonorentzat”.
Etorkizuneko asmoak gauzatzeko, baina, denon laguntza behar dutela adierazi dute: instituzioena, kolektiboena eta norbanakoena. “Harro gaude, bai, baina ez konforme. Euskararen ezagutzaren doakotasuna, unibertsaltasuna, hizkuntza politika ausartak… jomuga dira oraindik”, esan dute, eta euskararen normalizazioa ardatz, aurrerapausoak ematen segituko dutela aitortu dute.
AEK-k Korrikari ezarritako helburuetako bat “argi eta garbi” bete dute: eusksararen adleko kontzientzia astintzea. Ze, Korrikak herri gogoa hauspotzea lortu duela ondorioztatu dute. “Lasterketan bertan parte hartze masiboa igartzeaz gain, etxetik ere inoizko Korrikarik ikusiena izan da hau, aurrekoaren marka oro hautsita, neurri handi batean sare eta hedabideen elkarlanari esker”. Horrez gain, aurreikuspen ekonomikoa ere “ona” izan dela jakinarazi dute, “oraindik goiz den arren arlo horretako xedera iritsi garen jakiteko”.
Onartu dute “biziki poztu” dituela edizio honen omenduaren aldarria –Azterketak Euskaraz kolektiboarena, alegia– zabaltzeak: “Bihotzez espero dugu Korrikan izan duen ikusgarritasuna akuilu bihurtzea euren helburuak lortzeari begira. AEK-k antolatzen du Korrika, baina AEK bideratzaile besterik ez da; atzean, komunitate sendo bat, Herri Harro bat, prest dago parte hartzeko. Horregatik, eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu era batera edo bestera, auzolan erraldoi honetan esku hartu dutenei”.