Bizkaiko Arte Grafikoen sektorea grebara joango da berriro
Amorotoko Erabil enpresako langileak deituta daude ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek ekainaren 11, 12 eta 13rako deitutako greba egunetara.
Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko mobilizazioek etentzetik urrun daude. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek greba egunak deitu zituzten apirileko eta maiatzeko lau egunetarako. Baina, LABetik esan dutenez, patronalak negoziazioak blokeatu nahi ditu eta mobilizazioen “indar erakustaldi arrakastatsuari” kasurik ez egin.
Maiatzaren 27an, patronalak “funtsezko aukera” izan zuen sektoreko hitzarmena adosteko aurrerapenak planteatzeko, baina ez ziren eman. “Mugimendu txiki batzuk egon ziren, baina CEBEKen proposamena eros ahalmena bermatzetik oso urrun dago; eta, gainera, atzera egiten du eduki batzutan”, azaldu dute LABetik. Are gehiago, “harrigarri” egin zaiena patronalak beste bilera datarik ezarri nahi izatea izan da.
Hain zuzen ere, gaurko [ekainak 4] egin zuten deialdia negoziazio mahaiko beste bilera baterako. Patronalak, ordea, deialdiari uko bakarrik ez, hurrengoetara joatea uko egin duela esan dute sindikatutik, baldin eta langileen asmo ekonomikoak “ez badatoz bat” negoziazio mahaian finkatu dituen irizpideekin: “Hau da, sektoreak uko egin behar dio erosteko ahalmenari eta taulak KPIaren arabera eguneratuta edukitzeari eta baita aurrekoaren aldean inolako murrizketarik edo atzerakadarik izango ez duen hitzarmen bati ere”.
Sindikatuek negoziatzeko borondate “argia eta eztabaidaezina” agertu dutela adierazi dute. Era berean, borrokan eta mobilizazioekin jarraituko dute 2011. urtean amaitutako hitzarmena berreskuratu arte. “Baina ondo berreskuratu behar da, erosteko ahalmena bermatuz soldatari dagokionez, hitzarmena aplikatzeko bermeekin, inolako murrizketarik gabe, eta beste hobekuntza batzuekin”. Horregatik, ekainaren 11, 12 eta 13rako greba deialdian aurreko mobilizazioa errepikatu nahi dute, “sektoreko enpresa garrantzitsuenen ekoizpena geldituz eta jende askok parte hartuz”.