Lekeitiok hartuko du zesta-puntako Bizkaiko Herriarteko finala
Beste urte batez, Markina-Xemeinek eta Berriatuak jokatuko dute barikuan [ekainak 7].
Markina-Xemein eta Berriatuko zesta eskolak dira 2024ko Bizkaiko Herriarteko Txapelketako talde finalistak. Lekeitioko Santi Brouard pilotalekuak hartuko du final handia, barikuan [ekainak 7], 18:30etik aurrera. Azken urteetan Lea-Artibaiko bi eskolen artean banatu dituzte txapelak, eta ia guztietan bien artean erabaki dituzte, finaletan. “Elkarte hauek puntu-puntuan daudela erakutsi dute beste behin ere lortutako emaitza eta garaipenak aztertuz”, adierazi dute Bizkaiko Eusko Pilota Federakuntzatik.
Aurtengoan, Markina-Xemein, erabateko nagusitasunez heldu da finalera, jokatutako txapelketako partida guztiak irabazi dituzte, Berriatua eta Gernika-Lumoren aurka. “Ikaragarrizko maila erakutsi dute eta horrela jarraituko beharko dute barikuan txapela Markina-Xemeinera eraman nahi baldin badute”, esan dute.
Berriatuarrek, berriz, haien hirugarren koroa jarraian eskuratu nahi du. Ligaxkan, markina-xemeindarrak hiru mailetan (kadete, jubenil eta nagusiak) nagusitu ziren: 30-29, 30-18 eta 30-12. Lehen partida “erabakigarria” izan daitekeela uste dute Federakuntzatik.
Era berean, eskerrak eman nahi izan dizkiote Lekeitioko Udalari “herri mailako txapelketa garrantzitsuenaren finalak jasotzeagatik, zesta puntaren alde egiteagatik eta horrela jarrai dezan udalerriak duen konpromezua gure ondareagaz”.