Behazun minbizia izan dute hizpide Leartikerren ‘Polymer and Medical Applications’ jardunaldian
Gaixotasunari buruzko ezagutzen, ikerketen eta aurrerapenen inguruan aritu ziren Markina-Xemeinera bertaratutako adituak.
Markina-Xemeingo Leartiker zentroak urtero antolatzen ditu Polymer and Medical Applications jardunaldiak, aurtengoa 12. urtea izan da. Behazun minbizia izan dute hizpide oraingoan, eta horretarako, hainbat aditu ekarri zituzten. Azaldu dutenez, “maila handikoak” izan ziren parte hartu zuten guztiak eta bertaratutakoekin gaixotasunari buruzko ezagutzak, ikerketak eta aurrerapenak partekatu zituzten.
Behazun minbiziak digestio likidoaren behazuna garraiatzen duten hodi meheetan sortzen diren tumoreak dira. Minbizi mota hori “oso heterogeneoa” dela diote mutazio-mailari dagokionez, eta, horregatik, “oso konplexua da tratamenduak bilatzea eta horien bilakaera aztertzea”.
Tratamenduei, eredu esperimentalei, agente kimioterapeutikoei, organo-on-a-chip gailu mikrofluidikoei eta gaixotasun horren etorkizuneko norabideei buruzko ikerketaz hitz egiteko baliatu zuten jardunaldia. Hain zuzen ere, atera zuten ondorio nagusia duela 14 urte arte “ezer gutxi” zekiten gaixotasunarekiko lan handia egin dela. Gibeleko minbizia bezala tratatzen zen.
“Azken hamarkadan hainbat ikerketa egin ondoren, pazienteen eta gaixotasunaren ereduak garatzea lortu da, ebidentzia eta tratamendu gehiago egon daitezen, eta, ondorioz, tratamendu onkologikoen kopurua eta biziraupena handitu da”.