Ekainaren 14an egingo dute Lea-Artibaiko Enplegu Azoka
Lea Artibai Fundazioak 17 enpresa eta erakunde elkartuko ditu Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean.
Beste urte batez bueltan da Lea-Artibaiko Enplegu Azoka. Lea Artibai Fundazioak antolatzen du eskualdeko hamabi udalen eta Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzagaz. Ekainaren 14an ospatuko dute 10:00etatik eta 13:00etara Markina-Xemeingo Berrikuntza Gunean. Bertan eskualdeko 17 enpresa eta erakundek gazteei laneratzeko dituzten aukerak aurkeztu eta lan poltsa ezberdinetan sartzeko aukera eskainiko dizkiete.
“Helburu nagusia da eskualdeko gazteen eta enpresen arteko harreman zuzena sustatzea, haien enplegagarritasunean eraginez. Horrela, hainbat lan-eskaintza izango dituzte eskura, eta beraien kurrikulumak stand ezberdinetan uzteko aukera izango dute”, azaldu dute. Lea-Artibai eskualdeko merkataritza, turismo eta ostalaritzan lana bilatu nahi dutenek ere, beraien kurrikulumak Leartibai Fundazioaren postuan uzteko aukera izango dutela aurreratu dute.
Enplegu Azoka Bizkaiko Foru Aldundiaren Udal Gaztedi Lea-Artibai 2024 programaren baitan kokatzen da. Lea-Artibaiko 16-30 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago eta eskualdeko gazteen laneratzea sustatzea du helburu, “gazte eta enpresen arteko harremana sustatuz”.
Enplegu Azokako parte hartzaileak:
- Burdinola S.Coop. (Amoroto)
- Cikautxo S.Coop. (Berriatua)
- Eika S.Coop. (Etxebarria)
- Fagor Arrasate S.Coop. (Etxebarria)
- Itsaskorda S.L. (Markina-Xemein)
- Kautenik S.L. (Berriatua)
- Kide S.Coop. (Berriatua)
- Laboral Kutxa
- Lantegi Batuak
- Leartiker S.Coop. (Markina-Xemein)
- Lea Artibai Ikastetxea (Markina-Xemein)
- Maier S.Coop. (Gernika-Lumo)
- Nemak (Etxebarria)
- Orbea S.Coop. (Mallabia)
- Lanbide (Ondarroa)
- Novia Salcedo Fundazioa (Bilbo)
- Lea Artibai Mankomunitatea