Botoetan beherakada izan badu ere, EH Bildu izan da lehen indarra Lea-Artibain eta Mutrikun
Orain dela bost urteko datuekin alderatuta, boto kopuruan jaitsi dira EH Bildu eta EAJ Lea-Artibain eta Mutrikun. Partidu sozialistak eta popularrak eta VOXek, ostera, gora egin dute.
Europako Parlamenturako hauteskundeetan, EH Bilduk 6.731 boto lortu ditu Lea-Artibain eta Mutrikun, eta EAJk 4.353 boto (apirilaren 21eko Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetan EH Bilduk 8.535 boto eta EAJk 6.108).
Lea-Artibaiko 11 udalerritan eta Mutrikun bozkatuena izan da koalizio subiranista, eta alderdi jeltzaleak Etxebarrian nagusitasuna mantendu du (7 botoko aldea egon da bien artean). 2019an bost udalerritan nagusi izan zen EAJ: Amoroton, Ispasterren, Lekeition, Markina-Xemeinen eta Mendexan. Ispasterren lau botoko aldeagaz nagusitu da EH Bildu.
Biek ala biek orain dela bost urte baino boto gutxiago jaso dituzte bertoko udalerri guztietan. 13 udalerrietako emaitzak batuta, jeltzaleek 2019an baino 3.175 boto gutxiago jaso dituzte gaur ( 7.528 boto bildu zituen 2019an), eta koalizio subiranistakoek, berriz, 1.303 boto gutxiago ( 8.034 boto izan zituen 2019an).
Halaber, orain dela bost urte 506 botoko aldea egon zen bien artean, gaur, ostera, EH Bilduk EAJk baino 2.378 boto gehiago lortu ditu.
Elkarrekin-Podemosek ere beherakada nabarmena izan du; 2019an 764 boto lortu zituen, eta gaur 196 (134 herritarrek Sumarren aldeko hautua egin dute gaur). Bestalde, PSEE-EEk, PPk eta VOXek boto kopuruan gora egin dute. Sozialistak izan dira botoetan gehien igo direnak. 894 boto jaso dituzte gaur, eta orain dela bost urte 474. Popularrek 2019an baino 78 boto gehigo lortu dituzte; 275 boto pilatu dituzte gaur eta 197 aurrekoetan. VOXek 59 boto dauzka Lea-Artibain eta Mutrikun, eta 27 izan ziren 2019an.
Hauteskunde kanpainan alderdi guztietako hautagaiek gaur botoa ematera joatearen garrantzia azpimarratu dute etengabe. Abstentzio datu altuaren beldur ziren, eta horrela izan da: %44,87 (2019an %25,42koa izan zen, baina orduan, udal eta foru hauteskundeen egun berean izan ziren Europakoak). Lea-Artibain eta Mutrikun ere parte hartze datu baxuak izan dira orokorrean. Esaterako, Ondarroan %47,90ekoa izan da abstentzioa, Mutrikun %48,50ekoa, Amoroton %47,45ekoa, Munitibarren %46,72koa eta Aulestin %44koa.
EH Bildu nagusi. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako datuei dagokienez, EH Bildu izan da lehen indarra, botoen %26,2agaz (4,23 puntu gora eginda). %99,78 zenbatuta, 227.973 boto bildu dituzte, eta jarraian alderdi sozialista geratu da, 225.278 botogaz (%25,9). EH Bildu, ERC, BNG eta Ara Mes taldeek osatutako Errepublikak Orain taldeak hiru ordezkaritzei eutsi die, eta Pernando Barrena Europako parlamentura bueltatuko da.
EAJk porrota jaso du, hirugarren indarra izatera pasatu baita, 194.594 botogaz (11,52 puntu behera eginda). Hala ere, bere Europako ordezkaritza bakarra mantenduko du; Coalicion Canaria, Geroa Bai eta El Pi talde politikoekin osatu du EAJk Europa Solidarioaren Aldeko Koalizioaren (CEUS) eta Oihane Agirregoitia hautagai jeltzalea da zerrendaburua.
Bizkaian eta Araban alderdi sozialista izan da bozkatuena, baita hiru lurraldeetako hiriburuetan ere. EH Bildu izan da garailea, berriz, Gipuzkoan. 2019an hiru lurraldeetan alderdi jeltzalea izan zen bozkatuena.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 50.89eko parte hartzea egon da.