Galiziako kulturak hartuko du Ondarroako Itsasaurre
Barikutik [ekainak 14] domekara [ekainak 16] askotariko ekintzak antolatu ditu Ondarroako Galiziako Etxeak.
Ondarroako Galizia Etxeak Karmen Jaiak eta Galiziako Letren Eguna ospatuko ditu gaur, bihar eta etzi, Itsasaurre plazan. Beste urte batez, egitarau oparo eta anitza antolatu dute bariku eguerdian hasiko dena eta domeka iluntzera arte luzatuko dena. Hau da, Galiziako folkloreaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek.
Azken urteetan bezala, ez dute aldaketa askorik egin egitarauari dagokionez, ohiko eskaintza eta ekintzen bidez zabaldu nahi dute galiziar kultura. Hori bai, ez da ekimenik faltako, batez ere zapatuan. Adibidez, aipamena egingo diote Galiziako Letren Eguneko omenezkoari: Luisa Villalta. Goizetik eguerdira bitartean, Itsasaurren propio ipinitako txosnetan, Galiziako produktu tipikoak dastatzeko aukera egongo da egunero: olagarroa, enpanada galegoa, lakoia, Tetillako gazta… dastatu ahal izango dira Galiziako ardo tipikoekin bustita.
Musikak ere protagonismo handia izango du asteburu osoan zehar. Galiziar doinuak ez ezik, inguruko taldeek ere parte hartuko dute, tartean, Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldeak edota Os Novos Mariñeiros taldeak, baita Santurtziko edota Gasteizkoak ere. Horrenbestez, asteburuan Ondarroara joaten direnek asteburu ederragaz gozatzeko aukera izango dute. Galizia Etxetik eskerrak eman nahi izan dizkiete laguntzaile guztiei: “Ekimenak antolatzen lagundu diguten guztiei eskerrak eman nahi dizkiegu”.
EGITARAUA
Ekainak 14, barikua
-
12:00: Ekintza kulturalei hasiera emango zaie Os Novos Mariñeiros Ondarroako Galizia Etxeko gaita taldeagaz, itsasaurre plazan. Galiziako gastronomia tipikoen salmenta itsasaurre plazan, egun osoan zehar.
-
13:00: DJ Zirkin.
-
20:30-02:30: Estrela do Norte eta DJ Javi Moro.
Ekainak 15, zapatua
-
12:00: Ekintza kulturalen hasiera eta galiziako produktu gastronomikoen salmenta, Itsasaurren.
-
12:00: Galiziako Letren Eguneko omenduari aipamena: Luisa Villalta.
-
12:00: Gaita eta dantza taldeen kalejira, Santurtziko Galiziako Etxeko Corxa Airiños Galegos Dolce Sabor eta Os Novos Mariñeiros Ondarroako Galiziar Etxearen eskutik.
-
12:30: Luntxa gonbidatuentzat.
-
12:30: Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldearen emanaldia.
-
13:15: Bermuth saioa, Estrella del Norte taldearen emanaldia, Itsasaurren.
-
20:30-03:00: Estrela do Norte eta DJ Javi Moro.
-
23:30: Gran Queimada.
Ekainak 16, domeka
-
12:00: Ekintza kulturalen hasiera eta galiziako produktu gastronomikoen salmenta, Itsasaurren.
-
12:00: Karmengo birjinaren omeneko meza eta Gasteizko Alma Galega taldeko gaiteroekin batera kalejira.
-
12:00: Gasteizko Galiziako Etxeko Arte Galega eta Ondarroako Os Novos Mariñeiros taldeen kalejira.
-
13:30: Bermuth saioa, Estampas de Mexico mariatxi taldearen emanaldia, Itsasaurren.
-
17:30: Haurrentzako animazioa Puzgarria Park-ekin.