Bueltan da pasio sugarra
Ekainaren 21etik 23ra egingo dute Helmugak Erronka Solidarioa. Hiru egunetan 610 kilometro egingo dituzte. Ekintzarik ez da faltako Berriatuan ere. Dena Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteen alde.
Bueltan da. Bulegoren kanta famatuak dioen bezala, Bueltan da barruan dugun pasio sugarra. Laguntzeko pasioa baitu Ander Txakartegik, baita bizikletarekiko ere. Ekainaren 21etik 23ra osatuko du Helmugak Erronka: Haurren gaixotasun desberdinen aldeko erronka solidarioa. Euskara, kirola, natura eta pertsonen balioak uztartu eta abenturak bizita, ekintza solidarioak burutu eta euren aldarria mundu osora zabaldu. Hori da, Helmugak proiektuko kideek 2015az geroztik bilatzen dutena. 2020an egin zuten lehen aldiz Berriatuan, eta bi urterik behin egitea erabaki zuten.
Aspanovas, Aspanogi, Bihotzez eta Arnasa elkarteei laguntzea da helburu nagusia. Baina Helmugak Erronka askoz haratago doa. 610 kilometro inguru egingo dituzte Euskal Herriko txoko desberdinak zeharkatuz. Horrez gain, hiru eguneko egitarau oparoa antolatu dute Berriatuan. Dagoeneko 2.300 euro baino gehiago bildu dituzte crowfoundingaren bidez.
Bizipoza elkarteak egoitzak dituen herrietatik pasako dira. “Jendeak, bakoitzak ahal duen heinean, lagundu eta parte hartzeko ibilbidea antolatu dugu, ahalik eta herritar gehienek gurekin kilometroak egiteko”. Lehen etapan, Donostiatik Iruñera arteko bidea egingo dute, bigarrenean, Bergara, Larrabetzu eta Gernika-Lumo zeharkatuko dituzte eta azken egunean, Matxitxako bisitatuko dute, bertan familia argazkia ateratzeko. Hiru ibilbide dira; lehenengoa, luzeena (310 km), eta azken egunekoa, laburrena (125 km). Petalo bakoitzaren hasiera zein amaiera Berriatua izango da; deskantsu txiki baten ondoren, berriro abiatuko dira hurrengo ibilbidea burutzera. «Nahi duen orok petalo bat egiteko aukera dauka», azpimarratu dute.
“Antolakuntzako kideengan erabateko konfiantza dut, bestela ezingo nuke hau guztia antolatu”
Azken urteetan esperientzia pilatzen joan dira antolakuntza talde finkoa osatzen duten zazpi partaideak, eta horregatik, “errazagoa” izan dela diote, “inoiz erreza ez bada ere”. Haiek ere urtero ikasten joan dira. Hain zuzen ere, Txakartegik izandako laguntza guztia eskertu du.
Egonkortuta
Helmugak Erronka Lea-Artibai eskualdean egonkortuta dagoen ekimena da, dagoeneko agendan jarrita dagoena, «parte hartzeko bakarrik ez, laguntzeko ere bai». Atxikimendu bideo asko jaso dituzte, ohi baino gehiago aurten, Euskal Herriko toki eta arlo desberdinetako erreferenteengandik: Uxue Alberditik hasi, eta Iñaki Osa Goikoetxeara arte. “Konturatu gara eskaerak egiterakoan, gero eta gehiagok dakitela zer den Helmugak Erronka”. Horiei ere oso eskertuta daude.
“Gogotsu eta apur bat urduri” dagoela aitortu du. “Baina urduri bazaude, gauzak ondo egiten ari zarenaren seinale da, bestela ez zinateke horrela egongo”, esan zion lagun batek. Gainera, bere egoera ere berezia da. Ekimen solidarioko pertsonaia nagusia bada ere, asteburuan ordu gutxi batzuetan egongo da Berriatuan, jai giroan. “Antolakuntzako kideengan erabateko konfiantza dut, bestela ezingo nuke hau guztia antolatu. Hein handi batean, nire burutik ateratzen diren ideia zoro horiek egi bihurtzen dituztenak haiek direlako. Edozer posible egiteko gai dira”. Eta egingo dute.
Gainera, barikuan Berriatuko eskolaren jaia ere izango da, eta domekan San Joan sua. Baina, umeentzako ez ezik, adin guztientzako ekimenak antolatu dituzte, egitekorik ez da faltako. Sugar artean amaituko dute, pasio sugar artean.
Egitaraua:
Ekainak 21, barikua
- 21:00: Txalaparta.
- 21:15: Pontx pailazoa.
- Ondoren: Lekittoko Deabruak.
- 22:00: Lehen petaloaren hasiera.
Ekainak 22, zapatua
- 13:00: Lehen petaloaren bukaera (haurrekin batera herrian sartu, Askartzatik).
- 15:00: Bigarren petaloaren irteera (haurrekin batera).
- 16:00: Haurrentzako jolasak: puzgarriak, herri kirolak, bizikleta gynkana, karaokea…
- 19:00: Disko festa.
- 20:00: Txokolatada, jubilatuen eskutik.
- 22:00: Bigarren petaloaren bukaera (haurrekin batera herrian sartu, Aneko kruzetik).
Ekainak 23, domeka
- 06:30: Hirugarren petaloaren irteera (guztien eskura).
- Egun guztian zehar: Asisko Urmeneta marrazkilaria.
- 11:00: Herri kirolak: Ugaitz Mugerza-Arkaitz Etxebeste, Aitzol Atutxa-Txikia IV eta Urruzuno aita-alabak.
- 12:00: Markina-Xemein eta Berriatuko erraldoiak.
- 13:00: Hirugarren petaloaren bukaera (haurrekin batera).
- Ondoren: Ekitaldia: Bertsoak, Kukai Dantza taldeko dantzaria, Erraldoien aurreskua…
- 15:00: Paella solidarioa.
- 16:30: Gora musika! Urko eta Nerea.
- 17:30: Herriko musika taldeak + Lur Aranburu Gure Zirkua-ko kontorsionista + DJ Elepunto.
- 22:00: San Juan suak, Urepel plazan.