Erika-Oaia eta Salegi-Goitia bikoteek Donostiako Grand Slama irabazi dute
Bixente-Oyhenard eta Gojenola-Lejardi bikoteak hartu zituzten mendean zapatuan [ekainak 15] txapela janzteko.
Donostiako Grand Slameko txapelak Markina-Xemein eta Mutrikura etorri dira. Emakumezkoena ziurtatuta zegoen finaleko lau puntistak eskualdekoak zirelako, baina gizonezkoetan ere lortu zuten garaipena zapatuan [ekainak 15] Karmelo Balda pilotalekuan.
Nesketan berdintasun handiagoa izan zen gizonezkoetan baino, hirugarren seta behar izan zuten finala erabakitzeko. Estrategia garrantzitsua izan zen, Erikak eta Oaiak pilota motelaren aldeko apustua egin zuten. Horrela, Arai Lejardik ezingo zuen hainbetse dominatu eta Mugartegik pilota gehiagotan sartzeko aukera izango zuen. Bete-betean asmatu zuten ea 12-15 gailendu ziren lehen setean. Bigarrenean, berriz, Elaia Gojenolak izan zituen aukerak gehiago eta batez ere hobeto baliatu zituen eta 15-11 irabazi zuten. Set erabakigarrian ostera ere pilota atzeratuz eta aurreko koadroetako pilotak baliatuz 2-5 gailendu ziren markina-xemeindarra eta mutrikuarra.
Goitiak eta Salegik lehen setean sufritu zuten, baina bigarrenean hobeto moldatu ziren. Atzelariak segurtasun handia transmititu zuen atzeko koadroetan eta aurrelariak berea duen bizitasun erakutsi zuen aurrekoetan. Markina-Xemeindarrek bikote indartsua osatu zuten. Goitiak batez ere errebotetik egin zuen min handia erasoan eta defentsan hanka arinak erakutsi zituen pilota zailetara heltzeko. Salegik ere pilota zail asko sartu zituen eta Bixente eta Oyhenard tokitik atera zituen tantoak amaitzeko ezintasunagaz 15-13 eta 15-8 nagusitu ziren markina-xemeindarrak.