Tradizioa bai, berritasunak ere bai
Ekainaren 21etik 25era ospatuko dituzte aulestiarrek sanjoanak bete-beteko egitarauagaz: tradizioa eta berritasunk uztartuz.
San Joan suak udaren hasieragaz lotzen dituzte askok. Oporrekin beste hainbestek. Eta uda herririk herri, jairik jai, ibiltzeko denboraldia izaten da beste askorentzat. Aulestin biak ala biak elkartuko dituzte, San Joan jaiak baitira, barikuan [ekainak 21] hasi eta ekainaren 25a bitartean.
Tradizioa eta berritasunak uztartuko dituzte. Ohiko egitaraua, hutsik egiten ez duena, ez da faltako, baina, aldi berean, herritarrek bestelako aukerak ikusi ahal izateko ekimenak ere aurkeztu dituzte. Hain zuzen ere, Aulestiko San Joan Jaietako bereizgarri handienetako bat Sobra Sariketa da. 24. aldiz antolatu dute eta are gehiago izateko esperantzagaz, barikuan [ekainak 21] sobretan aditua den Begoña Intxausti eskolara joango da. Sobretan belar eta lore mota zehatz batzuk erabili behar dira, eta modu zehatz batean jarri. Intxaustik «modu errazean» umeei sobren inguruko azalpenak emango dizkie. Horrela, San Joan Eguneko sari banaketara urtez urte «gero eta herritar gehiago joatea nahi dute».
Jarraian, aurtengo berritasun nagusienetako baten sari ematea ere egingo dute. Lehen aldiz leiho eta balkoietako lehiaketa antolatu dute, eta hamahiru herritarrek parte hartu dute. Hiru sari banatuko dituzte: 50, 30 eta 20 euroko balioa duten landareak. Epaimahaiaren irizpideei dagokionez, loren konposizioaren bolumen eta kolore konbinazioa eta leiho edo balkoiaren kokapenaren arabera egindako egokitzapena kontuan izango dituzte.
Gazte Eguna, barikuan
Hala ere, betiko ekintzek ere ez dute hutsik egingo. Barikuan [ekainak 21], adibidez, Gazte Eguna ospatuko dute Aulestiko Gazte Asanbladako kideek. Musika eta jan-edana uztartuko dituzte, eta Banana Shake eta DJ Arenegaz luzatuko dute gaua, Gaztetxean. Aurretik, 36. ipuin topaketa sari banaketa egingo dute, 18:00etatik aurrera. Aurten 58 ipuin aurkeztu dituzte, iaz baino bat gehiago.
Baina tradizioaren barruan ere berritasunak egon badaude. Eskolan ahozkotasuna landu dute ikasturte amaieran. Horrenbestez, erabaki dute ipuin bakoitzaren kontakizuna grabatzea eta QR kode baten bidez entzun daitezke. “Parte hartzaile txikienek izenburua bakarrik irakurri dute, baina nagusiagoek ipuina osorik”.
Hori bai, denentzako ekintzak badaude ere, badira denak elkartzen dituzten ekintza batzuk ere. Paella Txapelketa da horietako bat. Aurten ere, udaletik guztiek elkarrekin plazan bazkaltzeko deia egin dute. 14:30ak baino lehen aurkeztu beharko dira paellak, 110, 90, 60 eta 25 euroko sariak irabazteko aukera izateko.
Danborrada da herritarrak elkartzen dituen beste ekimen nagusia. Bi urterik behin egiten dute, eta Urzabal Guraso Elkarteak antolatuta, eskolako ume guztiek eta nahi duten herritarrek parte hartuko dute aurten ere. Ez dira bakarrik egongo, Lekeitioko Aittitta Makurra taldearen laguntza izango baitute.
Omenaldia
Bizkaiko Gaiteroek Gureak gogoan, katea ez hausteko proiektuaren baitan, Aulestiko jaiak bisitatuko dituzte. Herririk herri zenbait dultzainerori omenaldiak egiten ari dira, eta Aulestin Pio Zestero omenduko dute. “Aulestiarra Zesteruena baserri ezagunean jaio zen, bertan bizi izan ziren azken zesteroak eta Teofilo Maruri Pio Zestero herriko azken dultzaineroa izan zen”. Familiari oroigarri bat emango diote, eta ostean, haien doinuak herri guztian zehar zabalduko dituzte. Horrez gain, erakusketa ere jarriko dute astelehenean, dultzaineroan historia sakonago ezagutzeko helburuagaz. Beste modalitate batean, beste aulestiar batek ere bere omenaldi propioa jaso dezake jaietan. Unai Goitiak bigarren urtez jarraian Euskadiko orga eta lasto botatze txapelketa irabazi nahi baitu, non eta etxean.