Herriak eraldatzeko eta bizigarriago egiteko deia zabalduko dute Harrotasun Egunean
Sistemaren "erroko aldaketa" eskatuko dute barikuan [ekainak 28] Lekeition egingo duten Harrotasun Egunean. LGTBIQ+ kolektiboko kideek herrietan onartuak izateaz gain, herriak eraldatu gura dituzte, leku bizigarriagoak sortzeko.
1969ko Ameriketako Estatu Batuetako New York hiriko Stonewall pubean gertatutako liskarretan du oinarria barikuko [ekainak 28] Harrotasun Egunak. Urte hartan, biharko egunez, New Yorkeko pub horretan homosexualen aurkako poliziaren sarekada saiakera bat izan zen, eta LGTBIQ kolektiboko kideak jazarpenaren aurka egin zuten lehen aldi modura da ezaguna eguna. Orduko aldarriak beharrezkoak dira oraindik ere, eta beste hainbat aldarri ere gehitu zaizkie orduko haiei. Hori dela eta, Lea-Artibai eta Mutrikuko Desbiauk mobilizazioa deitu dute biharko, 18:30ean Lekeitioko Eskolapean. Handik herriko kaleak zeharkatuko dituzte, sexu eta genero askapenaren aldarriz herria betez; izan ere, Andrabanda eta Marimatraka Batukada feministak girotuko dute mobilizazioa.
Mutrikutik Lekeitiora aldatu dute aldarrien gunea. “Bi urtez Mutrikun ondo funtzionatu duela ikusi dugu, baina herriz aldatzeko beharrizana dagoela ere bai, oihartzun zabalagoa bilatu asmoz. Eta, aurten, sanpedroak direla eta, Lekeition jende asko egongo da”.
Lea-Artibai eta Mutrikun zisheteronormatik kanpo bizi nahi dutela adieraziko dute, eta horretarako kaleak hartuko dituzte sexu eta genero disidenteek. Ze, gaurko eguna harro egoteko eguna da, baita erreibindikatzekoa ere. Izan ere, harrotasun hitzak ondokoa adierazten du: inor ez dela lotsatu behar den bezalakoa izateaz, bere generoa edo sexuafektibotasuna edozein dela ere.
Hala, eskualdean euren borroka bistaratu gura dute, eta Harrotasun Eguna dela-eta instituzio eta enpresetatik zabaltzen dituzten diskurtsoen aurrean eurena jarri gura dute.. Izan ere, salatu gura dute eurei ahotsa kendu zaiela, eta instituzioek zabaltzen duten mezua ez dela eurena: “Gure diskurtsoari lehentasuna eman gura diogu. Instituzio eta enpresen zurikeria salatzeko aprobetxatuko dugu mobilizazioa, euren aldarriak ez direlako gure herrietako kolektiboko kideenak”. Hain zuzen ere, eurek herriko edo eskualdeko sexu eta genero disidenteen ahotsak lehen lerroan jarri gura dituzte.
Horrez gain, sistemaren “erroko aldaketa” eskatuko dute. Ze, ez dute bakarrik herrietan onartuak izan gura, herriak eraldatu gura dituzte, “leku bizigarriagoak sortzeko”. “Sistema bera aldatu gura dugu, azken finean”, gehitu dute.
Gainera, aurten, bereziki, aipamena egin gura diote Palestinari, arreta bertan jarriz, eta elkartasuna adieraziz. Israel egiten ari den Pinkwashinga salatuko dute: “Altu eta irmo salatuko dugu Israel aniztasunaren eta askatasunaren izenean egiten ari den pinkwashinga, genozidio ustezko askatasunaren atzean ezkutatu nahian”. Hala, Palestinako banderak eroateko deia egin dute.
Komunitatearen garrantzia.
Euren herrietan euren identitatea erakutsiko dute, gertatzen den sexilioari ere aurre eginez. “Lea-Artibain nahiko nabarmena da sexilioa, izan ere, gure zein Desbiauen taldeko asko hirietan bizi dira, eta herrietara noizean behin etortzen dira. Unibertsitatera joaterakoan, hirietara joaten dira asko, eta ikasketak amaitutakoan, ez dira bueltatzen. Horren arrazoiak asko dira, baina herri txiki asko —denak ez, badaude bizigarriak direnak— oso heteroak izaten dira, familian zentratutakoak, eta zaila izaten da komunitatea egitea. Hirietan, aldiz, komunitatea egiteko jende eta aukera gehiago dago”, azaldu dute kolektiboko kideek.
Lea-Artibain, baina, komunitatea sortu dute, eta nabarmendu dute “garrantzitsua” dela hori izatea, kolektibotasun hori sentitzea. Hala, kanpora begira, kolektiboki ikusgarritasuna bilatzeko lan egiten dutela diote, baina barrura begira, komunitatea izateak “elkargune bat izateko eta lasai” egoteko aukera eskaintzen diela ere bai. “Politikoki batu egin behar garela eta gure borroka aurrera eroan behar dugula sentitzen dugulako batzen gara, baina baita gure bizi proiektuak aurrera eroateko ezinbestekoa delako elkarzaintza eta elkar edukitzea”, azaldu dute.
Guzti horiek zabaltzeko asmoz, mobilizaziora bertaratzeko deia egin dute, ikusarazteko kolektiboko kideak herrietan ere bizi direla, badaudela: “Aldaketa asko dago egiteko, baina indartsu gaude horren alde borrokatzeko. Gogoa daukagu”.