Unai Urkiagak lehen aldiz dantzatuko du Kaxarranka
Barikuan [ekainak 28] hasi eta astelehenera arte [uztailak 1] ospatuko dituzte San Pedro Jaiak Lekeition. 17 urteren ostean, Asier Uskolak ez du Kaxarranka dantzatuko.
Sanpedroak tradizioaren sinonimo dira Lekeition. Barikuan [ekainak 28] hasi eta astelehenera arte [uztailak 1] ospatuko dituzte. Betiko legez, arrantzale munduko tradizioek xarma berezia emango diote herriari. Aurten gainera, iaz ez bezala, asteburu bete-betean ospatuko dituzte, San Pedro Egun handia batez ere. Gainera, oporrak hartuko dituzte herritar askok, eta ondorioz, Lekeition uda sasoi bete-betea hasiko da. Horregatik, ohi baino jende gehiago etortzea aurreikusten dute udaletik.
Era berean, gogoratu dute Arropaineko eta Santa Katalinako aparkalekuetako ordainpeko sistema eguenean [ekainak 27]jarri zutela martxan. Hala ere, Ispasterrera bidean dauden bi aparkalekuak ordainpekoak ez direla azpimarratu dute; bertan dauden makinak datuak jasotzeko bakarrik dira.
Iaz zesta-punta topaketa antolatu ostean, aurten eskupilota txapelketa bakarrik ez, zesta-puntakoa ere antolatu du Akarregi Pilota Elkarteak. Hain zuzen ere, finalak gaur 17:30etik aurrera jokatuko dituzte. Gero, jai giroan murgiltzen hasiko dira lekeitiarrak. Itxaropena txistulari elkarteak eta Lekitto Musika Bandak herriko kaleak girotuko dituzte jaietan, hainbat ekintzetan musika animazioa eskainiz.
Etorkizuna Dantza Taldeak aldaketa sistema ezarri nahi du, urterik urtera dantzaria aldatzeko aukeragaz.
San Pedro Eguna, zelan ez, Dei eittekuakaz hasiko dute. 09:30ean herriko txistularien diana izango da. 10:15ean udaleko alkateak eta zinegotziek kofradiako lehendakari eta arduradunekin udaletxetik elizarainoko prozesioa egingo dute Lekitto Musika Bandak lagunduta. Jarraian, meza izango dute. Behin amaituta, San Pedroren omenezko prozesioa egingo dute, eta tradizioari jarraituz, San Pedroren irudiagaz kilin-kalakoa egingo dute portuko santuaren irudiaren aurrean.
Aldaketa
Orduan, eguneko unerik berezienetako bat biziko dute lekeitiarrek. 17 urteren ostean, Asier Uskolak ez du Kaxarranka dantzatuko. 2022an bakarrik huts egin zuen min hartuta zegoelako, eta orduan, Ane Marurik dantzatu zuen; bera izan da orain arte hori dantzatu zuen emakume bakarra. Aurretik, hiru hamarkada luzez, Pedro Murelaga izan zen Kaxarranka dantzatzearen arduraduna.
Etorkizuna Dantza Taldeak aldaketa sistema ezarri nahi du, urterik urtera dantzaria aldatzeko aukeragaz. Aurtengo Kaxarrankako dantzaria Unai Urkiaga izango da. Azaldu dutenez, hiruzpalau dantzari daude Kaxarranka dantzatzen dakitenak, baina Urkiaga izan da aurten bestelako emanaldietan dantzatu duena.
Tradizioari jarraituz, San Pedropean dantzatuko du lehendabizi, eta Kofradia aurrean gero. 13:00etan, Etorkizunako dantzariek emakumeen aurreskua dantzatuko dute, eta Kaxarrankaren azken dantzaldia egingo dute, plazan. Udaletik esan bezala, eguraldiaren menpe egongo dira azken unera arte, baina ez dute aurreikusi egitarauan bestelako aldaketarik egitea: “Tradizioa errotuta dago, beraz, ez dago bestelako alternatibarik egiteko aukerarik, itxarotea besterik ez da geratuko”.
Domekan [ekainak 30] ere zeregitekoa ez da faltako San Pedro Txiki Egunean. Ez dira ohiko txapelketak faltako. Garraitz Kirol Taldeak antolatutako Kilin Kala igeri lehiaketa 25. aldiz egingo dute. Irrintzi txapelketa, berriz, 42. aldiz ospatuko dute. Mus txapelketa ere jokatuko dute, Sociedad Recreativan. Txapelketetarako izen-ematea hasi baino ordu erdi lehenago egin ahalko da. San Pedro Baltzan ere tradizioa izango da nagusi, Tortola kalean bilduta.