Jolas artean hasi dituzte sanpedroak Berriatuan
Gaur [ekainak 28] Umeen Eguna ospatzen ari dira berriatuarrak San Pedro Jaietan, egun osoan txikienentzako ekintzak izango dira.
Azken urteetan Umeen Eguna San Pedro Txiki Egunean ospatu izan badute ere, hau da, aurten, domekan, berriatuarrak gaur [ekainak 28] ari dira ospatzen herriko txikienen eguna, “egokiagoa” zelako. Horretarako, goiz zein arratsaldean askotariko jolasak antolatu dituzte herriko plazan. Hodei beltzak mehatxu izan badira ere, azkenean kanpoan egitea erabaki dute. Goizetik asko izan dira bertaratu diren umeak eta mota guztietako jolasetaz gozatzeko aukera izan dute.
Hain zuzen ere, denak batera elkartuko dira umeen bazkarirako eta arratsaldea jolasek jarraipena besterik ez dute izango. Egunagaz amaitzeko, berriz, Geuretik Sortuak bekagaz Jon Ander Urresti aktoreak sortutako Eucalyptus antzezlanaz gozatuko ahalko dute herritarrek. Hala ere, egunik indartsuena zapatukoa [ekainak 29] izango da. Goizean triatloi herrikoia egingo dute eta eguerdian 150-200 herritar inguru elkartzen dira entsalada eta tortilla txapelketan. Ostean musikak hartuko du protagonismoa: D’Capricho egongo da plazan. Guzti hori gutxi balitz, berrikuntzak ere badaude tartean.
Iaz lehen bolo txapelketa herrikoia egiten zuten, eta aurten Bizkaiko Bolo Txapelketa saioa egongo da. Zapatuan, berriz, pilota partiden partez, bertso pilota egongo da. Hala, Mikel Goñi eta Arrizabalaga ariko dira Urmeneta eta Pascualen aurka, Oihana Iguaran eta Onintza Enbeita bertsolariek abesten duten bitartean. Domekan [ekainak 30] berriz, berria ez den arren, herrian aspalditik egin barik egon diren mus eta briska txapelketak berreskuratu dituzte.