Berdintasuna izan da nagusi
Ondarroa Arraun Elkartea bigarren txandan mantentzen da, baina Lekittarrak lehendabizikoan arituko da hurrengo asteburuan Galizian.
Bermeo Urdaibaik Eusko Label Ligako sei banderetatik bost irabazi ditu. Eta irabazi ez duen bakarra 86 ehunenengatik izan da, zapatuan [uztailak 13] Bilbon. Hain zuzen ere, Bizkaiko hiriburukoa estropada berezia da, erlojupeko formatuan egiten den bakarra. Nahiz eta bermeotarrek Bilbon entrenatu ohi duten, ezin izan zuten bandera astindu.
Berdintasuna izan zen nagusi ibaian, denbora tarte txikiak egon ziren traineruen artean. Seigarrenaren eta hamaikagarrenarne artean zortzi segundoko tartea bakarrik egon zen. Lekeitiarra 9. izan zen (20:11,18) eta Ondarroa justu aurretik geratu zen (20:09,98). ezusteko Kaikuk eman zuen seigarren postuan sartuz.
Aldeak ezarri zituzten bakarrak Bermeo Urdaibai eta Zierbena izan ziren. Hori bai, gainontzekiko bakarrik, haien artean ez baitzen askorik egon. Bi ziabogatan denbora berdina ezarri zuten eta azkenean 86 ehuneneko denboragatik gailendu ziren galipoak denboraldiko haien lehen bandera lortuz.
Domekan [uztailak 14] Bermeo Urdaibaik ez zuen hutsik egin. Hori bai, beste behin gogotik egin behar izan zuen lan garaipenaren bidera itzultzeko. Lehen txandan Isuntzak eta Cabok indar erakustaldi ederra eskaini zuten lehen eta bigarren kaletik. Berdinduta joan ziren lehen hiru luzeetan, baina azkenengoan Cabok bidea egin zuen bere kalea baliatuz.
Ondarroak ere sufrituta lortu zuen bigarren txandako bigarren tokia. Getariaren aurretik aritu ziren estropada osoan zehar, baina azken ziabogaren ostean luze egin zitzaien estropada. Gipuzkoarrek abantaila atera zuten Donostiarraren atzetik kokatuta eta ondarrutarrek laugarren kaletik gorriak eta bi ikusi zituzten postua mantentzeko. Azkenean segundo bat baino gutxiagotik lortu zuten (20:23,02).
Ohorezko txandan lehia ere handia izan zen Bermeo, Hondarribia eta Zierbenaren artean. Ama Guadalupekoak hartu zuen aurrea, baina hauek ere azken luzean metro gehiago egin behar izan zituzten eta bermeotarrek atzetik aurrerako bidea egin zuten bandera irabazteko (19:55,79).
Sailkapen nagusian Bou Bizkaia lidergoan mantentzen da 71 puntugaz eta zazpi puntura dago Zierbena. Ondarroa bigarren txandan mantentzen da, zazpigarren postuan 31 puntugaz. Lehen txandara pasa dena Lekittarra da 28 puntugaz bedertzigarren postuan Cabogaz berdinduta.
Irabazten jarraitzen dute. Sestaon ere lehiatu zuten ETE liga eta Ondarroa Arraun Elkartea zortzigarren postuan sailkatu zen Zumaiak irabazitako estropadan. Ondarrutarrak zazpigarren postuan mantentzen dira sailkapen nagusian.
Hutsik egin ez dutenak orain arte Arraun Lagunakeko neskak dira: seitik sei. Gainera, nagusitasunagaz irabazi dute Bilbon zein Sestaon. Hurrengo asteburuan Galiziara egingo dute berriro, zapatuan [uztailak 20] Ribeiran eta domekan [uztailak 21] Boiron.