Malen jaiek normalean baino egun bat gehiago izango dute
Zapatuko [uztailak 20] Gazte Egunean 600 bat kamiseta banatuko dituzte eta, gainera, 315 lagun elkartuko dira bazkari herrikoian.
Mutrikuarrak, jai giroa gustuko dutenak behintzat, pozik egongo dira aurten Malen jaiekin: egun bat gehiago izango dute herriko jai nagusiek. Gazte Eguna zapatura [uztailak 20] aurreratuko dute, eta, ohi bezala, ez da Malen bezperan, hilaren 21ean, izango; egun horretan Mozorro Eguna ospatuko dute.
Bizixo Jai Konpartsatik “egitarau zabala” antolatu dute jaietako lehen egun handirako: “Jaietako lehen eguna izanik, jende asko elkartzen du Gazte Egunak, gogoekin harrapatzen dituzte, gazteenek batez ere: egun seinalatua da”. Txupinarekin hasiko dute, zelan ez, Gazte Eguna. Eguneko kamisetak banatuko dituzte, esan dutenez, 580 kamiseta baino gehiago. Herri kiroletan murgilduko dira jarraian, eta, eguerdian, berriz, omenaldia egingo dute.
Mutrikuko Bizixo Jai Konpartsatik urteetan herriko jende desberdina omendu badute ere, aurten omenduari orain arte egitarauan ematen zitzaion garrantzia handitu nahi izan dute. Horretarako, aurtengo omenaldia Gazte Eguneko argazkiaren aurretik egingo dute, “omenduak merezitako presentzia izan dezan”. Oraingoan, Valentin Barroena omenduko dute, azken 40 bat urteotan Mutrikun Olentzeroren pertsonaia gorpuztu duena. “Esan beharrik ez dago herrian urte luzez modu desinteresatuan eta kolektiboan pentsatuz lanean egon denak merezi duela bere aitortza eta omenaldia”.
Gero, argazki erraldoia aterako dute elkarrekin, eta gutxi gorabehera 315 lagun elkartuko dira bazkarian . Iaz baino jende gehiagok eman du izena aurten. Argazki erraldoia atera nahi dute, kamiseta eta guzti, “eguna ez ahazteko”. Bazkalostea musika doinuekin egingo dute: lehenengo, bingo musikatuarekin; gero, Txaranga La Mutrikuarra talde gaztearekin. Gauean, berriz, Marimatrakan batukada egingo dute, «jaietan inolako erasorik ez egoteko».
“Helburua da geroz eta herriko gazte gehiago antolaketan elkartzea, kasu honetan jaietarako izan da, baina beste edozein ekintzetarako ere horrela izatea nahi dugu”
Mozorro Egunerako ere berritasunak sartu nahi izan dituzte jai batzordetik. Aurtengo gaia Bizixoren hileta izango da, eta “omenaldi bezala” planteatu dute. Bizixo balearen irudia dagoeneko ez dago ateratzeko moduan, eta “Bizixori agur moduan, bere hileta izango bailitzan”, heriotza aukeratu dute mozorroetarako gai. Karropoteoan agurra eman ostean, dantza ikuskizuna egingo dute. Horrek ere moldaketak izango ditu: normalean, Larrain dantza Goiko Plazan egin izan dute, eta aurten ere horrela izango da, baina, gero, Beheko Plazara joango dira kalejiran, bertan ere dantzan segitzeko. Gauerdian, lehen aldiz play-back lehiaketa egingo dute.
Malen egunean musika izango da protagonista nagusia. Uztailaren 23ko Elkartasun Egunean, ordea, egunaren izenak dioen bezala, mutrikuarrak batzeko helburuarekin osatu dute egitaraua: poteoa, herri bazkaria eta kantu herrikoiak. Kuadrilla Egunean ere bide beretik joko dute, baina taldeka banatuta. Uztailaren 25ean, Santixau egunean, ohi bezala, bertso saioarekin emango diote amaiera jaiei; Amets Arzallus, Alaia Martin eta Ane Labaka izango dira bertsolariak.
Eskertuta. Jai egun bat gehiago izateak lan karga ere handitu du jai batzordearentzat. Horregatik, “oso eskertuta” agertu dira aurten izan duten laguntzagatik, gazte berri asko batu baitira batzordera. Lantalde txikietan banatu dute lana, eta batzar orokorrak ere egin dituzte. Gainera, nabarmendu dute batu bakarrik ez, laguntzeko prest ere egon direla, proposamenak egin dituztela. “Helburua da geroz eta herriko gazte gehiago antolaketan elkartzea, kasu honetan jaietarako izan da, baina beste edozein ekintzetarako ere horrela izatea nahi dugu”. Garrantzia eman diote kopuruari, “bestelako ideia anitzak” ekarri ahal dituztelako. Halaber, “ez dituzte inondik inora ere ateak ixten eta edozein elkartu daiteke, laguntza guztia eskertzekoa baita”.