Urreisti eta Zabala Gernikako Grand Slamerako sailkatu dira
Eguenean [uztailak 18] jokatu zuten aurretiazko kanporaketako finala Arbe eta Urrutxuaren aurka.
Orain bai, orain guztiz zehaztuta dago Gernika-Lumoko Grand Slama. Eñaut Urreistik eta Jon Bullet Zabalak lortu dute txapelketa jokatzeko azken txartela. Eguenean [uztailak 18] Jokin Arbe eta Ibon Urrutxua gainditu zituzte aurretiazko azken kanporaketan eta onenen aurka jokatuko dute. Hain zuzen ere, A multzo gogorrean sartuko dira Erkiaga-Manzi eta Barandika-Basque bikoteekin.
Zapatuan [uztailak 20] debutatuko dute lehendabizikoen aurka lehen jardunaldian. Gaur [uztailak 19] bi mutrikuarrek elkarren aurka jokatuko dute Mutrikuko Masters Serieseko finalaurrekoetan, Urreistik Julen Del Riorekin eta Manzik Thomas Urrutiarekin.
Erritmoagaz eta Jai Alai frontoiari neurriak hartuta helduko dira. Azken bi txapelketetan, Bilbon eta Markina-Xemeinen, aurretiazko kanporaketak irabazitako bikoteek finalerdietarako sailkatzea lortu zuten. Hori izango dute helburu. Bikote sendoa osatu dute orain arte Urreistik eta Zabalak eta atzo [uztailak 18] ostera ere erakutsi zuten. Finalerdietan Javier eta Oier Diaz gainditu zituzten eta finalean 9-15 eta 8-15 gainditu zituzten Arbe eta Urrutxua.
“Sailkapen fase hauek egokiak dira konfiantza hartzeko ere. Bi garaipen eskuratu eta Grand Slamari modu positiboan ekiteko. Konfiantza hori oso ondo etorriko zaie bai Eñauti eta bai Joni”, adierazi dute Eraman Jai Alai enpresako arduradunek.