Finalaurreko estuetan gailenduta, finalean daude Urreisti-Del Rio eta Barandika-Gorka
Hirugarren setean irabazita, Urreisti-Del Rio eta Barandika-Gorka sailkatu dira Mutrikuko Master Series txapelketako finalera.
Zesta-puntaren toki kuttunenetako bat da Mutriku, eta Malen jaietako txapela jokatzen ari dira hainbat puntista. Finalaurrekoak joan den barikuan (uztailak 20) lehiatu ostean, barikuan (uztailak 26) jokatuko dute finala Eñaut Urreisti eta Julen Del Riok Xabi Barandika eta Gorka Sorozabalen aurka. Izan ere, euren aurkariak garaitu zituzten finalaurrekoetan.
Urreistik eta Del Riok Thomas Urrutia eta Mikel Mantzi garaitu zituzten neurketa estu batean: 15-11, 12-15 eta 5-1 gailendu ziren mutrikuarra eta gasteiztarra. Neurketa guztian lehiakor aritu ziren Urrutia eta Mantzi, baina atzelari mutrikuarrak ezin izan zuen etxeko finalera sailkatu. “Lehenengo jokoan Eñaut eta Del Rio ondo aritu ziren, eta hurrengoan Mikel eta Urrutia, eta azkenean, berriz, gehiago izan ziren Del Rio eta Urreisti, 5-1 gailenduz”, gogoratu dute antolatzaileek.
Beste aurrez aurrekoan ere, parekotasuna nagusi izan zen. Barandikak eta Gorkak Jokin Arbe eta Ion Ibarluzea markina-xemeindarren bikotea garaitu zuten, horiek ere, hiru setetan. Irabazten hasi ziren markina-xemeindarrak, lehenengo seta lau puntugatik irabaziz. Bigarrenean, baina, ondo erantzun zuten Barandikak eta Gorkak, eta sei puntuko aldea jarri zuten markagailuan. “Lehenengo setean Arbe eta Ibarluzea bikain aritu ziren, baina ondo erantzun zioten Barandikak eta Gorkak”, diote antolatzaileek. Dena zegoen jokoan hirugarren setean, eta nagusi agertu ziren irabazleak, aurkariei tantorik egiten ez zietelako utzi.
Partiduak “politak bezain estuak” izan ziren antolatzaileen berbetan, Mutrikun beti gertatu ohi legez. “Ez da desberdintasun askorik izaten. Beraz, partida politak izan ziren eta jendea gustora geratu zen”. Bi partiduen gakoa hirugarren setean asmatzea izan zela ondorioztatu dute arduradunek: “Barandikak eta Gorkak berdinketa hausteko setean asmatu zuten: 3-0 jarri ziren, eta hori bostera izanda, asko baldintzatu zituen aurkariak. Bestean ere, Mikelek bi huts egin zituen, eta 2-0 atzetik jarri ziren. Gero 3-1ekoa ezarri zuten, baina ez zen nahikoa izan. Edozein akats nabaritu egiten da hirugarren set horretan”.
Hala, finala ere parekoa izatea aurreikusi dute. Pilotak ezarriko dituela desberdintasunak uzte dute, pilota bizia izanez gero Del Riok min asko egiten duelako: “Partidua estua izango da, polita”.
Laugarren urtez, Txikien Madalen txapelketa jokoan dago aurten ere, eta bihar (uztailak 23) jokatuko dituzte finalak.
Kimu zein txiki mailan zortzina bikoteren artean lehiatuko dituzte finalak, 17:00etan hasita, Miruaitz frontoian. Antolatzaileek jakinarazi dute, bihar hamasei bikotek lehiatuko duten arren, 40 bikote baino gehiagoren aterpea izan dela txapelketaaurten. Hain zuen ere, Berriatuatik, Zumaiatik, Gernikatik, Markinatik, Zumaiatik, Cabanillasetik, Gasteiztik, Noaindik zein Donibane Lohizunetik bertaratuko dira Mutrikura.