Malen eguna eguraldia lagun
Malen jaietako hirugarren eguna musikaz, herri kirolez eta su artifizialez lagunduta
Eguraldi ezin hobearekin hasi dute Mutrikuko Malen jaietako hirugarren eguna. Goizean goiz hasi dute egitaraua Musika Bandaren eskutik Diana kalerik-kale. Meza nagusia egon da ondoren, Jasokundeko Andra Mariaren parrokian. Etxeko txikienek ere haur parkean gozatzeko aukera izan dute eguraldia lagun.
Eguerdi aldera, Goiko plaza jendez lepo egon da Musika Bandaren kontzertua entzuten. Nahiz eta eguzkiak bakerik ez eman, betiko abestiez gain, Ricchi e Poveri talde italiarraren “Sará perché ti amo” bezalako kantu ezagunez alaitu ditu Musika Bandak herritarrak.
Arratsaldean, berriz, 18.00etan a Malen jaietan hain ezaguna den Sokamuturraren txanda eta 19.30etan Mutrikuko Sokatira Taldeak antolatuta Herri Kirolak egongo dira Goiko plazan.
Bizixo jai konpartsak gaurko egunean ere ez du hutsik egingo eta 22.00etan Desgaraian taldearen eta 23.15etan Akaleia taldearen kontzertuak antolatu ditu txosnetan. Tartean, 23.00etan, su artifizialek hartuko dute protagonismoa. Puro Relajo eta Mugi Panderoa taldeak izango dira, bata doinu mexikarrez eta bestea trikiti eta panderoz, gauari kolorea hartzen arduradunak.