Markina-Xemein, bigarren urtez jarraian Herriarteko txapeldun
Domekan [uztailak 21] jantzi zuten txapela markina-xemeindarrek Zumarragako Beloki pilotalekuan.
Hiru final jarraian eta bi txapel jarraian. Hori da Markina-Xemeingo eskupilota klubaren balantzea azken hiru urteetan Euskal Herriko Herriarteko Txapelketan. Guztira hiru dituzte markina-xemeindarrek 2010ean lortu zutenagaz batera.
Domekan [uztailak 21] Gasteiz izan zuten aurkari final handian. Finala espero baino errazago irabazi zuten. Kadeteen partida erabakigarria izan zen. Arrizabalak eta Ibarzabalek lan izan zituzten aurkariak menderatzeko, batez ere neurketako lehen zatian, baina azkenean garaipena eskuratu zuten Seara eta Motoren aurka 22 eta 16ko emaitzagaz.
Lehen partida garrantzitsua irabazi ostean, finala erabakitzeko aukera zuten gazteen mailan. Eta ez zuten hutsik egin. Hasiera berdindua izan bazen ere, 3-3ko berdinketa izan zuten. 6-5 aurreratu eta gero Egurrolak eta Calvok 16-0ko partziala sartu zieten Palacios eta Ormazabal gasteiztarrei Markina-Xemeineri Herriartekoa emateko.
Horrenbestez, nagusien mailan ez zegoen ezer ez jokoan, dena erabakita zegoen. Hala ere, irabaztera atera ziren markina-xemeindarrak, aho zapore onagaz amaitzeko. Agirremalloak eta Pujanak 22-15 hartu zituzten mendean Uribe eta Markada. Agirremalloak berak onartu zuen gero “presiorik gabe” jokatu zutela aurreko bi partidetan garaipena eta txapela lortu eta gero. Horrenbestez, “gozatzeko aukera” izan zutela nabarmendu zuen, irabazi nahi zuten arren.
Eskupilota klubak “urte guztian zehar” egiten duen lanaren emaitza dela azpimarratu dute: “Horrelako emaitzekin erakusten dugu taldea sasoiko eta ondo dagoela, eta oso pozgarria da”.