Simon Bolibarren figura goraipatu dute bere jaiotzaren 241. urteurrenean
Gaur [uztailak 24] omenaldia egin diote Ziortza-Bolibarren, eta zenbait arduradun bertan izan dira. Egitaraua egun guztira luzatu dute.
Gaur [uztailak 24] duela 241 urte jaio zen Simon Bolibar, eta bere jaiotzaren urteurrenean, urtero bezala, omenaldia egin diote Ziortza-Bolibarren. Aurten gainera egun osoko egitarau āzabalaā prestatu dute. Arratsaldean, D’Capricho taldearen kontzertua eta ‘Eraitsi S.L.’ antzezlana egongo dira. Bertan izan dira Lea-Artibaiko herrietako alkate eta zinegotziak, baita EH Bildu eta EAJko ordezkariak eta Venezuela eta Kolonbiako kontsulak ere.
Andoni Lariz Ziortza-Bolibarko alkateak Simon Bolibarren figura aldarrikatu nahi izan du. Horretarako, hainbat arrazoi daudela azaldu du. Hain zuzen ere, Bolibarrek Euskal Herria eta Latino Amerikaren arteko harremanak irudikatzen dituela esan du, āhobetzeko eta sendotzeko baliagarria delakoā. Bolibarren senideek herritik alde egin zuten eta Venezuelara arteko bidea osatu zuten. Orain ākontrako bideaā ematen ari dela azaldu du, eta ābesoak zabalikā jasotzen dituztela esan du. āBizi proiektu berri bat sortzeko eskubidea aldarrikatu nahi duguā.
Era berean, jatorri euskalduneko izanik, euskal nortasunaren gorazarrea egin du Larizek, batez ere euskararena. āHorretarako, euskara ikasteko aukera errealak eman behar dira, baita doakoa ere. Gaur egungo legeekin ez dugu euskara nahiko babesten, arnasguneak babestu behar dira eta jauzi bat eman beharra dugu euskaldunon hizkuntza kolektiboen errekonozimendua egitekoā. Azkenik, bide beretik jarraituz, Bolibarrek Venezuela, Peru, Kolonbia, Bolivia eta Ekuador askatu zituen bezala, Euskal Herritarren āahots propioaā izateko aukera aldarrikatu du.
“Bizi proiektu berri bat sortzeko eskubidea aldarrikatu nahi duguā
Oraindik bizirik. Bilboko Venezuelako kontsula Glenna Cabellok gogoratu du Bolibar āoraindik bizirikā dagoela askorengan. Historiaren ikur bat izan zela nabarmendu eta bere āindependentziarako pasioaā azpimarratu du. Horregatik, justizia sozialaren aldarrikapen āozenaā egin nahi izan du, betiere historia ahaztu barik: āBolibarretaz hitz egitea herrien askapenaz hitz egitea da, erabakitzeko eskubideaz eta beraien identitatea defendatzeazā.
Bertan izan dira ere EH Bilduko zein EAJko ordezkariak. Julen Arzuaga koalizioko legebiltzarkideak gogoratu du Bolibarren aldarrikapenak haienak egiten dituztela gaur egun. āAsko partekatzen dugu, mina eta sufrimendua batez ere, Maria Mercedes Antxetarena, adibidez. Horren urrun eta hain gertu dauden herriak gara, hitz zaharrak oraindik berriak dira etorkizun hobe baten borrokanā.
Mikel Burzako EAJko kanpo harremanetarako idazkariak ere Bolibarren figura nabarmendu du eta historiako āpertsonairik garrantzitsuenetako batā dela gogora ekarri nahi izan du. Hain zuzen ere, Euskal lurraldeen eta Amerika Latinaren arteko erlazioen ordezkari nagusietako bat dela azaldu du. Gauzak horrela, gogoratu dute domekan [uztailak 28] Venezuelako hauteskundeak direla eta āherriaren ahotsa entzuteko uneaā dela.