Lekeitioko eta Mutrikuko hondartzak aldarrikapenez beteko dituzte Abuztuaren 4an
Domekan [abuztuak 4] Hego Euskal Herriko 6 hondartzetan elkartzeko deia egin dute Sare eta Etxeratek.
Aurten, lehenengo aldiz, urtero Etxeratek antolatu ohi duen hondartzetako mobilizazioa Sare Herritarrarekin batera antolatu dute. Uztailaren 25ean Donostian egindako prentsaurrekoan antolatzaileek adierazi zutenez, “elkarlanean guztion ardura baita euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratze prozesua gauzatzeko lanean jardutea”.
Kantauri itsasoko kostalde zabalean luzatuko dute “gatazkaren konponbideari behingoz ateak ixteko euskal gizarteak duen beharra”. Beraz, abuztuaren 4an eguerdiko 12:00etan, Euskal Herriko beste lau hondartzekin batera, Lekeitio eta Mutrikuko hondartzetan batzeko deia egin dute.
Itsasotik plazara. Goizean zehar luzatuko den egitaraua antolatu dute Lekeition. Euskal Herriko beste hondartzekin bat eginda, 12:00etan Abadien moilan jarri dute hitzordua. Parte hartzeko ohiko moduaz gain, aurten ekimenean itsasotik ere parte hartzeko deia luzatu dute malekoira piraguaz, surfeko taulaz edo bakoitzak nahi duen moduan hurbilduz. 13:00etan ekitaldia egingo dute herriko plazan. Horrez gain, 12:00etatik 15:00etara txosna jarriko dute plazan: atun errea eta edana, Etxebarria aita-semeen musikaz girotuta.