Lur Aranburu: "Uste dut benetan disfrutatzen amaitzen dutenak helduak direla"
Bihotzetik bihotzera bidaiatzen duen proiektu ibiltaria, pasioz eta maitasunez sortua. Horren isla, irribarrea ezin kenduta karpa erraldoitik irtetzen diren aurpegiak. Gure Zirkua Lekeitiora heldu zen moduan, badoa. Azken asteburua geratzen zaio Oriora joan aurretik.
Hilabete osoa daramazue Lekeition. Nolakoa izan da herritarren harrera? Zelan hartu zaituzte herriak?
Oso oso gustura egon gara Lekeition. Heldu ginen egunetik ateak zabaldu dizkigute lekeitiarrek. Herri moduan “marabillosoa”. Lekeitiora etorri aurretik herri handitxoagoetan egon gara eta faltan botatzen genuen herri giroa, alde zaharra, herriko jendearekin egotea… Azken finean, zenbat eta herri txikiagoa izan, orduan eta hurbiltasun handiagoa izaten dugu herritarrekin.
Sekulako arrakasta izan du zirkuak. Etxeko txikienetatik hasita, gazte eta ez hain gazteak ere hurbildu dira. Zirkua umeentzako dela esaten dutenei zer erantzungo zenieke?
Bai, lehenengo egunetik nabaritu genuen. Sarreren salmenta ere oso ondo joan da, horregatik ausartu ginen gure egonaldia beste asteburu bat luzatzen. Zirkua beti ikusi izan da umeentzako ikuskizun moduan, baina uste dut benetan disfrutatzen amaitzen dutenak helduak direla. Umeak zoratu egiten dira zirkura datozenean, argiak, musika, pailazoak, artistak… estimulu asko dira. Agian ez dira gai ulertzeko guzti honen atzean zer dagoen. Helduek, ordea, beste era batera gozatzen dute, beste ikuspuntu batetik ikusten dute. Guretzako nagusiak etortzea beti da plazera.
Zirkua beti ikusi izan da umeentzako ikuskizun moduan, baina uste dut benetan disfrutatzen amaitzen dutenak helduak direla.
Muntaketa auzolanean egin zenuten herritarrekin batera. Gure Zirkuaren oinarrietan elkarlana eta auzolana daudela esango zenuke?
Muntaketan asko lagundu digute herritarrek eta desmuntaketara ere etorriko dira laguntzera. Dudarik gabe Gure Zirkuak asko dauka auzolanetik. Horrelako zirku bat mugitzeko hemen gauden artista, laguntzaile eta denon aldetik jarri behar dugu. Pistan ikusten denaz gain, elkar zaintzeaz, zirkua zaintzeaz, loreei ura botatzeaz, sukaldatzeaz, harrikoa egiteaz… arduratzen gara. Azken finean, denok jartzen dugu zati txiki bat zirkuak aurrera egin ahal izateko.
Pertsona baten ideia zoro batetik familia handi bat osatu duzue. Euskal Herri luze zabalean alde batetik bestera, elkarrekin bizitzen… Nola kudeatzen duzue elkarbizitza?
Familiara heldu den azken partaidea naiz, baina egia esan, nahiz eta urtebete daramadan zirkuan, bizi guztia daramadala sentitzen dut. Heldu nintzen momentutik esku zabalik hartu ninduten eta familia honek zein balore dituen erakutsi zizkidaten. Oso pertsona ezberdinak batu gara zirkuan, herri, adin eta izaera desberdinetakoak, baina uste dut hemen gauden langile guztiok maitasunez egiten dugula egiten duguna. Denok maite dugula proiektua eta hori dela garrantzitsuena, horrek elkar maitatzera eramaten gaituelako.
Denok jartzen dugu zati txiki bat zirkuak aurrera egin ahal izateko
Zazpi urteren ostean, emanaldi bakar baten ere hutsik egin gabe, joan den asteburuan Poxpolok (Iker Galartza) ezin izan zuen emanaldian parte hartu. Zelako eragina izan zuen horrek taldearengan?
Gogorra egin zitzaigun, bere hutsunea asko nabaritzen dugu. Horrek familia eta artista moduan indarrak batzera bultzatu gintuen eta, lehendik egiten bagenuen ere, oraindik gehiago elkar zaintzera. Pistan bere hutsunea hainbeste ez nabaritzen saiatu ginen. Nahiz eta egoera erreza ez izan, alde positiboa atera dugu horretatik. Ikerri hemendik indarrak bidaltzen saiatu ginen, uste dut heldu zitzaizkiola. Beraz, parte baten polita ere izan da.
“Gure Zirkua” izenak berak ezin hobeto islatzen du zirkuaren nortasuna. Gurea, euskalduna, gure kulturaz, hizkuntzaz osatua.
Hori da, Gure Zirkua gurea da. Euskal Herriarena, euskaldunona, sortu dugunona… Uste dut zirkua sortu zutenean ez zutela izen propiorik nahi. Munduko izen aproposena iruditzen zait. Ikusleak ere partaide egiten dituena.
Azken asteburua geratzen zaizue Lekeition. Badago oraindik zirkua ikusteko aukera?
Oraindik ez dira asteburuko sarrera guztiak saldu. Gaur [uztailak 26] emanaldi bat egingo dugu 19.00etan eta zapatuan goizean eta arratsaldean. Oraindik Gure Zirkua ikusteko aukerarik izan ez duenak aprobetxatu dezala, aurtengo Bizkaiko azken emanaldiak izango dira eta!