Pedalkadaz pedalkada Bruselatik Ondarroara
Gaur [uztailak 26] abiatu da fibrosi kistikoari ikusgarritasuna ematea helburu duen Bixi ekimena.
Fibrosi Kistikoak jotako pertsonei eta haien familiei laguntzeko sortutako ekimen solidarioa da Bixi. Urtebeteko ibilbidea du proiektuak, Seber Uribe ondarrutarrari ideia bururatu zitzaionetik, gaur [uztailak 26] ideia hori burutzen hasiko direneraino. Hiru pasartetan banatzen du Uribek ideiaren sorburua: “Lehena, orain dela 5 urte inguru antzeko ekimen bat egin zuen talde batek Sevillatik Ondarroarako bidea eginez. Ondoren etorri zen lankide batzuk Bruselara eraman zuten proiektua irabaztea, Parlamentu europarra bertan egonik leku egokia da ekimena hasteko. Eta hirugarrena, azken urteetan ilobarekin etxean bizi izan dituzten fibrosi kistikoak bizi azpiegiturak dakartzan konplikazioak”.
Fibrosi kistikoa bereziki birikei eta digeri aparatuari eragiten dien gaixotasun genetiko degeneratiboa da. Organo horien inguruan muki sendo bat sortzen da eta ez dute behar bezala lan egiten. Horrez gain, hainbat infekzio eragin ditzake. “Errekonozimendua, administratiboki eta ekonomikoki laguntzak lortzea eta Europak gaixotasun arraro desberdin guztien errealitateek, gaixoengandik haratago, familia eta inguruari ere eragiten dietela ikusi dezatela” eskatzen du ekimenak.
Pedalkadaz pedalkada, bizikletan egingo dituzte Brusela eta Ondarroa banatzen dituzten 1314 kilometroak. 13 etapatan egingo dute bidea, baina “bereziena” azkena izango dela dio Seber Uribek, bertan batuko omen baita jende gehien. Baionan hasi eta Ondarroara helduko dira abuztuaren 7an. Hurrengo eguna atseden hartuta, ekimenari amaiera emateko jaialdia antolatu dute abuztuaren 9an.