Heldu da Lekeitioko jaietako txupinazoa nork botako duen bozkatzeko momentua
Mari Carmen Arribas, Nere Jauregi eta Ixone eta Romi Markes dira bozkaketa fasera igaro diren emakumeak.
San Antolin jaietako txupinera proposatzeko tartea izan dute lekeitiarrek uztailean zehar. Udalaren esanetan “Lekeitioko jaiek zerbait baldin badaukate, bizipoza, auzolana eta herritarren parte hartzea dira”. Argi geratu da hori lehenengo aldiz egiten den txupinazoa nork botako duen erabakitzeko prozesuan. Parte hartze handiarekin, 42 proposamen ezberdin egin dituzte herritarrek.
Proposamen horietatik guztietatik oinarrien arabera bozketa fasera pasa direnak dira gaurtik [uztailak 29] abuztuaren 5era bozkatu beharko direnak: Mari Carmen Arribas emagina, Nere Jauregi kultur talde desberdinetako partaidea edo Ixone eta Romi Markes (biak batera) urte osoan jaien antolakuntzan lanean dabiltzanak.
Hiru aukeren artean bat bozkatu beharko da Kultur Etxean dagoen hautetsontzian edo lekeitiokoudala.txupinazoa@gmail.com helbidean. Herritar bakoitzak bozka bakarra izango du eta ez da parte hartzeko adin tarterik egongo, “jaiak guztionak dira eta”.