Euskal presoen auziari “behin betiko aterabidea” emateko eskatu dute Lekeitio eta Mutrikuko hondartzetan
Lekeitio eta Mutrikuko hondartzetara presoak etxeratzeko aldarria eraman dute Etxeratek eta Sarek, “herri honetan gertaturiko gatazkak utzi dituen ondorioen konponbidea beharrezkoa dela” aldarrikatzeko.
Abuztuko lehen asteburuan Etxeratek egin ohi duen mobilizazioak aldarrikapenez bete ditu aurten ere Kantauri itsasoko hondartzak, oraingoan Sarerekin batera. Lekeition eta Mutrikun ere ehunka pertsona batu dira Euskal preso, iheslari eta deportatuen etxeratzea eskatzeko.
Lekeitioko Islako Moila eta parkea aldarriz bete ostean, “euskal gizarteak aurrera” egin behar duela adierazi dute plazan egindako ekitaldian: “gatazkaren ondorioen konponbide prozesuari aterabidea ematea beharrezkoa” dela eta “elkarbizitzari ateak irekitzeko unea dela” aldarrikatuz.
“Elkarbizitza sendoa eraikitzeko, sufrimendu guztiekin amaitu behar da: preso, iheslari eta deportatuen auziari behin betiko aterabidea eman, eta herri honetan bizitako biolentzia guztien biktimen mina aitortu”. Horretarako, “salbuespen legedia indargabetzea” ezinbestekoa dela nabarmendu dute.