Badatoz Ondarroako Andra Mari jaiak
Aurten ere egitarau oparoa antolatu dute herriko hainbat eragilek eta udalak Ondarroako Andra Mari jaietarako.
Badatoz Ondarroako Andra Mari jaiak eta, nahiz eta Kortxeleko Mamuak eta Leokadi ez diren abuztuak 14ra arte jaitsiko, zapatutik [abuztuak 10] aurrera Ondarroako kaleak geldika-geldika joango dira jai giroz bustitzen. “Zapaturako Itsasaurreko karpa muntatuta egongoda eta aurreko zapatuan beti egoten da giroa”.
Abuztuaren 11n, Santa Klara Egunarekin batera, jubilatuen eguna ospatuko dute. Ondoren etorriko da Umeen eguna, astelehenean, eta gauean Ondarroako Pala txapelketaren finala jokatuko da Udal frontoian. Martitzenean ere, egun guztiko egitaraua egongo da Gazte Asanbladak antolatuta.
Kontzertuak ere ez dira faltako Andramari jaietan. “Argi geneukan eskaintza musikalaren aldetik egun bat herriko taldeei eskeinitako eguna izan behar zela” adierazi dute udaleko kideek, beraz, Txilixo kolektiboarekin batera, abuztuaren 10ean antolatu dituzte kontzertuak. Kafeko atzean egunero erromeria talde desberdin batekin dantza egiteko aukera egongo da. Horrez gain, Itsasaurren eta Musika Plazan ere hainbat kontzertu egongo dira: Atrikipunk, Dhibari eta Ballom Frame abuztuaren 13an; La Fulana eta Dj Jusseff abuztuaren 14an; Elepunto DJ eta Lumatzak abuztuaren 16an, baita lehenengo Dupla eta gero Raimundo el Canastero Itsasaurren eta Olatz eta Aissa, Mugi panderoa, Dj Kol, Goxia n´Salda, Adur, Gorka Ugarte, Sargori eta Mutil Aspertia Djen saioak abuztuaren 17an.
Iaz baino “jende gehiago” espero dute aurtengo jaietan, baina azkena izango omen da jendetsuena, Arrantzale eguna “zapatua baita aurten”. Kuadrila eguneko bazkariko tikeak amaitu dira dagoeneko eta Gazte Egunekoan 300 pertsonatik gora elkartuko dira. Aministia egunean Plazagañin egin ohi duten bazkarian ere 400 pertsona baino gehiago batzen dira urtero, eta pasaden urteko tanborradan ere jendea jo gabe geratu behar izan zen tanbor faltagatik. Beraz, “aurten izen-emate eta tikeak erostea azken momenturako ez ustea” eskatu dute antolakuntzako kideek.
Egitarau zabala antolatu dute beraz herriko eragileek eta udalak. Dena dela, aurten aldaketaren bat edo beste egongo dela nahi izan dute jakinarazi. Lehenengo eta behin, Andra Mari eguneko su artifizialak ordu erdi aurreratuko dira, “ondorengo dantza saioa asko luzatzen delako”. Beraz, 22:30etan izango dira su artifizialak eta ondoren dantza saioa. Normalean Kuadrila egunean egiten den Bertso saioa aurten abuztuaren 14an izango da, arratsaldeko 19:00etan Itsasaurreko karpan, “kalean egin beharrean, beste nolabaiteko garrantzia ematearren saioari”. Amaitzeko, Arrantzale eguneko Kukaña eguerdian egingo da, mareak baldintzatuta.
Aurtengo Andramarietan ere, Emakumeen Kontseiluak eta Berdintasun sailak elkarlanean eraso matxisten arretarako zerbitzua jarriko dute martxan. 688 772 772 telefono zenbakia egongo da 20:00etatik 08:00rak bitarte eskuragarri behar duenak bertara deitu edo mezua bidali dezan eta Etxelila ere zabalik egongo da aurrez-aurreko zerbitzua emateko.