Izaro eta Ibai: "Gazteok elkarrekin egoteko eta herria gazteona egiteko egun moduan ikusten dugu Gazte Eguna"
Zenbait berritasunekin dator Lekeitioko Gazte Eguna. Joan den urtekoari jarraituz, egun guztiko egitarau zabala antolatu dute zapaturako [abuztuak 10].
Bigarren urtea da Lekittoko Gaztiak taldetik Gazte Eguna antolatzen duzuena. Zelan bururatu zitzaizuen Gazte Eguna antolatzea?
Ibai Uskola: Joan den uda hasieran hasi zen Lekittoko Gaztiak taldearen ibilbidea. Hasieran, gazte talde txiki baten ideia izan zen Lekeitioko Gazteok batzeko egun bat antolatzea. Adin eta kuadrilla ezberdinetako jendearekin egotea, gure ezinegonak partekatzea, gazteok herrian gure lekua izatea ahalbidetzen zuen espazio baten falta nabaritzen genuen. Ideia horrekin hasi ginen gure inguruko jendearekin hitz egiten eta ondoren, asanblada zabalen bidez ideiari forma ematen.
Izaro Isidro: Egia esan, hasieran apur bat pistinara salto egitea bezala izan zen. Hain denbora gutxian egun oso bat antolatzea ez zen lan mardula izan, baina emaitza zoragarria izan zen, nahiz eta eguraldiak bere partetik ez jarri.
Zein helbururekin antolatzen duzue Gazte Eguna?
I.I: Esan bezala, Lekeitioko gazteok elkarrekin egoteko egun moduan ikusten dugu Gazte Eguna. Herria gazteona egitekoa. Lekeition bakoitza bere kuadrillarekin egoteko ohitura oso barneratuta daukagu eta gutxitan batzen gara beste kuadrilla batzuekin, emakumeok batez ere. Gazte Egunak adin, kuadrilla eta espazio ezberdinetako gazteekin batzeko aukera ematen duela uste dugu.
I.U: Eta ez egunean bertan bakarrik. Gazte Eguna aurreko hilabeteetan ere elkarrekin ibiltzen gara antolaketa lanetan: bilerak, asanbladak, propaganda prestatzen… Horrelako momentuak ere herriko beste gazte batzuk ezagutzeko aukera izan daitezke. Askotan espazio horietatik irteten dira ideia eta eztabaida interesgarrienak.
Gazte Egunak adin, kuadrilla eta espazio ezberdinetako gazteekin batzeko aukera ematen duela uste dugu.
Egun guztiko egitaraua antolatu duzue aurten ere. Badakar berritasunik aurtengoak?
I.U: Antolatzeko modua bera aldatu da pixkat. Joan den urtean lanak lan-taldeka banatu genituen eguna prestatzeko asanbladetara agertu ginenon artean. Aurten, ordea, kuadrillaka banatuko ditugu lanak. Kuadrilla bakoitzak ardura bat izango du egunean zehar: bazkariko mahaiak muntatu, bazkaria zerbitzatu, elektrotxarangari ibilbidean zehar lagundu, gaueko barrako txanda egin, protokoloa bermatu… Horrela, gutxi batzuk dena egin beharrean, denok egingo dugu apur bat.
I.I: Kamisetak ere egin ditugu aurten. Bazkariko tiketa erosi dutenek izan dute probatzeko eta taila hautatzeko aukera, baina kamiseta nolakoa izango den egunean bertan jakingo du jendeak. Sekretua da. Eta kanta! Aurtengo Gazte Egunak bere kantu propioa izango du. Dagoeneko badabil zabaltzen jendearen artean.
I.U: Protokoloa ere berritasunen artean sartuko nuke. Joan den urtean ez genuen erasoen aurkako protokolorik egin eta balorazioan pixkat beldurtu ginen ezer gertatuz gero ez genukeela jakingo zer egin pentsatuz. Beraz, aurten egun osoan zehar egongo da martxan protokoloa. Bide batez, Gazte Egunean ezer gertatuz gero, soinean zapi morea izango dutenengana jotzeko deia egin nahiko nuke.
Horrela, gutxi batzuk dena egin beharrean, denok egingo dugu apur bat.
Urtean zehar ere antolatu dituzue beste hainbat kontu. Aurrerantzean, Gazte Eguna igarota, zein asmo duzue?
I.I: Ba lehenengo herriko jaiak. Aurten Herri Mugimenduaren txosnan egongo gara gu ere herriko beste hainbeste eragilerekin batera. Beraz, jaien prestakuntzan, jaietan bertan, eta jaien osteko lanetan ibiliko gara seguruenik. Eta gero ba ikusiko dugu ea Gazte Egunaren baloraziora ideiarik badakar baten batek.
I.U: Hori da. Urtean zehar gure kontura antolatu ditugu hainbat kontu: Gabonetako afaria, bertso poteoa, mendi martxa… Korrikako kilometroa ere erosi genuen eta gero denok elkarrekin joan ginen Baionara. Baina aurrerantzean, herriko beste eragile batzuekin elkarlanean seguru. Lekittoko Gaztiak badoa pixkanaka egonkortzen eta badugu gogoa urtean zehar ere herrian presenteago egoteko.