San Lorentzo jaiak ospatuko dituzte asteburuan Aulesti eta Asterrikan
Abuztuak aurrera eginarekin batera, aurrera doaz eskualdeko jaiak ere. Zapatuan [abuztuak 10] San Lorentzo jaiak ospatuko dituzte Aulestiko Zubero eta Berriatuko Asterrika auzoetan.
Ezaguna da urtero urtero egiten den Asterrikako San Lorentzo jaietako bertso saioa. Aurten ere ez da gutxiago izango, baina aurretik, egun osoan zehar ere egitarau zabala antolatu dute auzotarrek. 11:30ean txistulariak hasiko dira auzoa girotzen eta horren ostean meza egingo dute. Hau amaitutakoan, ikurrinaren igoera eta aurreskua dantzatuko dute Markina-Xemeingo Zerutxu dantza taldekoek. Herri kirolek ere izango dute kabida egunean zehar, lehenengo erakustaldia, eta gero umea, gazte zein familientzako herri kirol parte hartzaileak prestatu baitituzte. 19.00etan izango da bertso saioa. Aurten Etxahun Lekue eta Onintza Enbeita gonbidatu dituzte kantuan. Eguna amaitzeko, Lea-Artibaiko produktuen karretilaren zozketa egingo dute eta ostean Elepunto Dja arituko da iluntzea girotzen.
Aulestiko Zubero auzoan ere ospatzen dute San Lorentzo eguna. 12.00etako mezarekin hasiko da aulestiarren egitaraua. Ondorengo orduetan txapelketak izango dira protagonista: lehenengo txapel jaurtiketa eta ondoren mus eta briska txapelketa. Txapelketan parte hartzeko asmoa duenarentzat: izen-ematea 16:45ean amaituko da. Umeentzako jolasak ere prestatu dituzte 17:30erako eta gero, txokolatea egongo da denentzat. 22.30etan trikiti eta pandero doinuek hartuko dute auzoa Mirari eta Izarraren erromeriarekin.