Ondarroako Artistak: “Iaz antzoki bat deskubritu genuen”
Joan den urtekoari jarraipena emanez, Ondarroako artistek Nik daukat etxetxo bat showa antolatu dute abuztuaren 14rako. Aurtengoa "desberdina” izango dela ohartarazi dute.
Joan den urtean prestatu zenuten lehenengoz jaietako showa. Nola bururatu zitzaizuen?
Amaia Cabero: Gau baten batu ginen Irati Bidegain eta biok eta jaietan txosnan balleteko barra egiteko gogoa zuela esan zidan. Ni ere animatu nintzen eta ideia hazten joan zen. Ondarroan denok ezagutzen dugu elkar eta badakigu nortzuk dabiltzan arte eszenikoen munduan, beraz jende desberdinarengana hurbilduz sortu genuen 13 laguneko taldea. Eta ez zen izan balleteko barra izan, azkenean 20 minutuko ikuskizuna sortu genuen.
Zein izan zen joan den urteko showaren funtsa? Eta aurtengoa?
Mikel Bilbao: Pasa den urtekoa bai zen izan kabaret estilokoa, behintzat, horrela deitzen genion hasieran. Janzkera pentsatzerako orduan ere, nahiz eta bakoitzak bere pertsonaia sortu, estilo kabaretezkoa eman genion.
Maddi Badiola: Nahiz eta estilo hori izan, istorio bat kontatze zuen hari gidari bat egon zen.
A.C: Uste dut kontatu nahi izan genuena, edo gero agertu zen ideia, izan zen bakoitza den modukoa dela eta horrela bizi behar garela. Identitatearekin eta ospatzearekin zuen lotura.
Zelakoa izaten da showaren sortze prozesua?
M.B: Lehenengo ideia bat egoten da, gero ideia nahaste bat bakoitzak dituen ideia guztiekin. Gero reformulatu egiten dugu, itxura hartzen joaten da.
A.C: Iaz horrela izan zen, baina uste dut aurten bazegoela ideia printzipal bat. Ez enekigun zein forma izango zuen azkenean, baina behintzat kontzeptu bat bageneukan.
Leire Cabero: Aurten zerbait desberdina nahi genuen egin.
Nahia Iparragirre: Eta aurten zuzendari lana Amaiak egin du: berak sortu du testua, berak ekarri ditu koreografiak.. Guk ere parte hartu dugu, baina berak zuzendu du. Baldintzak murritzak direla esan beharra dago. Etxean ditugun gauzekin, txosnek ematen dizkiguten espazio eta baliabideekin, ezagunei eskatuta… Izan dezakezu ideia bat, baina lurrera ekarri behar da ideia. Ezerezetik sortzen dugu egiten diguna.
Haitz Urruzuno: Daukagunarekin egiten dugu aurrera.
Sortze prozesuak amaieraren bat duela esango zenukete?
N.I: Ez, azken egunera arte, azken arratsaldera arte ez dugu jakiten zein izango den azken emaitza.
M.B: Beste bi hilabete izango bagenitu gauzak aldatzen jarraituko genuke.
L.C: Orduan ere ez litzateke amaituko.
H.U: Work in proges konstante bat.
A.C: estreno eguna zehaztuta izaten dugu, abuztuaren 14a. Beraz, heltzen da momentu bat zirt edo zarta egin behar dugun, mugak jarri.
Plaza antzoki bihurtzen duzue…
M.B: Kalean izateak bere grazia du, antzoki baten ez izateak. Jende guztiarentzako irisgarria izatea eta nahi duenak etortzeko aukera izatea.
A.C: Iaz antzoki bat deskubritu genuen. Konturatu ginen Plazamusikan ikusleak 2-3 mailatan kokatu ahal direla. Erreza dela gurpidun ahulki bat, umeen karro bat… daramanarentzat. Igogailua ere badago…
Aurtengoa nondik nora joango den esan dezakezue?
A.C: Niretzako, “etxea” da hitza.
H.U: Pista izenburuak ematen du: Nik daukat etxetxo bat.
Zuen showa zertan bereizten dela esango zenukete?
N.I: Herritarren dibertsitatean.
M.C: Gu, nortzuk batu garen.
M.B: Herriko artisten izenean doa showa, baina hau da artista egiten gaituena. Denbora dedikatu diogu honi, lan egin dugu eta konprometitu egin garela.
A.C: Niretzako polita dena da bakoitzaren ideologi eta pentsamenduak albo batera utzita izan garela gai batu eta hau aurrera ateratzeko. Esango nuke jaietako ekintza bakarrenetarikoa dela hain jende anitza batzen garena elkarlanean zerbait antolatzeko. Eta horrek motibatu egiten dit, artean sinesten jarraitzera bultzatzen dit.