Lea-Artibaik ez du ordezkaririk izango Kontxako Banderaren lehian
Ondarroa eta Lekittarra Kontxako banderaren lehiatik kanpo gelditu dira gaur Donostian aurrera eraman den sailkapen estropadetan. 9 eta 10. postuak bereganatu dituzte biek.
2024ko Kontxako bandera lortzeko lehia irailaren 1ean eta 8an den arren, aurretiazko sailkatze estropada bi egunetan bereizi da, beste behin. Bihar [abuztuak 29] emakumezkoen txanda izango den heinean, gaur [abuztuak 28] gizonezkoek izan dute hitzordua Donostiako urekin. 18:00etan eman die arraunlariek sailkapen txandari hasiera. 23 izan dira horretan parte hartu duten taldeak, horietatik zortzi bizkaitarrak izanik. Bi txandatan banatu dira taldeak, eta horietako talde bakoitza minuturik minutu irten da lehiatzera. Hiru milla nautikoko ibilbidea izan dute aurretik, ziaboga bakar batekin eta erlojuaren kontrakoan. Gaurko estropadako datuak kontuan izanik, Zierbena, Bermeo-Urdaibai, Orio, Cabo da Cruz, Getaria, Hondarribia eta Kaiku lehiatuko dira hurrengo bi asteburuetan Donostiarrarekin batera, arraunzaleentzat hain garrantzitsua den bandera lortzeagatik.
Ondarroari ustez txandarik kaxkarrena esleitu zaio. Lehenengo ateratzea tokatu baitzaio zozketan. Beste taldeen erreferentziarik gabe lehiatu dira ondarrutarrak, eta beraz, are gehiago estutu behar izan dute. Lekittarrari berriz, kontrako aldea tokatu zaio: Eusko Label Ligako gehienen atzetik lehiatzea, hamargarren, eta beraz, horien guztien denboren erreferentziak izan ditu eskura. Bermeo-Urdaibairen kasuan, nahi baino lasterrago lehiatzea tokatu zaie, zortzigarren. Hala eta guztiz ere, Orio, Zierbena eta Hondarribia izan ditu aurretik lehian, beste behin, beraien erreferentziez baliatzeko.
Egoera meteorologikoek ezustekorik gabeko arratsaldea izaten lagundu dute. Izan ere, haize leuna eta olatu baxuak izan dira Donostian, gaur arratsaldean. Beraz, ez da ezustekorik izan, eta Eusko Label Ligako txapeldunek Kontxako bandera lehiatzeko txartela lortu dute, sailkapen tandan bigarren postua lortuz. Zierbenaren atzetik heldu dira bermeotarrak, 10 ehuneneko aldearekin. Gorka Aranberri bermeotarren patroiak beraien helburuak adierazi ditu: “Lehenak eta zazpigarrenak balore berdina du hemen. Gure helburua estropada serioa egitea eta gure ohiko nibela ematea zen”. Zazpi talderentzako tokia baino ez dago hurrengo asteburuetako estropadetarako, etxekoez (Donsotiarra) gain. Lekittarra eta Ondarroaren kasuan, biak gelditu dira ateetan, lehiatik kanpo, denboraldi kaxkarra egin duen Kaikuk aurrea hartuta. Kaiku denboraldiko egunik garrantzitsuenean agertu da, espero gabean Kontxako bandera lortzeko lehiarako txartela lortuz. Lekittarrako patroi den Iñaki Goikoetxeak berriz, beriaengan jarri du emaitzaren erantzukizuna: “Guk egin dugu akatsa, ez dago aitzakiarik. Ez dugu jakin olatuak modu egokiak hartzen. Beste behin kalean gelditu gara. Aurreko urteko kaleratzea gogorragoa izan da guretzat, baina oraingoan ere kale egin dugu”.
SAILKAPENA:
Zierbena 19:44.10
Urdaibai 19:44.20
Orio 19:54.30
Cabo 20:04.20
Getaria 20:08.28
Hondarribi 20:08.64
Kaiku 20:15.80
Ares 20:16.88
Lekittarra 20:19.54
Ondarroa 20:20.48
San Juan 20:23.80
Arkote 20:30.64
Tiran 20:40.62
San Pedro 20:40.66
Lapurdi 20:43.64
Chapela 20:46.44
Santurtzi 20:48.74
Zumaia 20:51.82
Zarautz 20:53.62
Castropol 20:54.54
Bueu 20:58.38
Astillero 21:12.70
Deustu-Bilbao 21:25.84