Trikitixa eta pandero ikastaroa antolatu dute Ispasterren
Astelehenean [irailak 2] amaituko da izena emateko epea udaletxean.
Ispasterko Udalak trikitixa eta pandero ikastaroa antolatu du. Irailaren 9an hasiko bada ere, astelehenean [irailak 2] amaitzen da izena emateko epea. Parte hartu nahi dutenek udaletxean egin dezakete, 94-684 29 99 telefonora deituz edota ispasterkoudala@gmail.com helbidera idatziz.
Prezioari dagokionez, pandero ikastaroak 20 euro balio ditu eta trikitixakoak 50 euro hilero. Antolatzaileek argitu dute Ispasterren erroldatutakoek lehentasun osoa izango dutela. Gainera, herrian erroldatutakoek %20ko diru laguntza izango dute. Leku faltagatik iakstaroan sartu ezin direnak itxaron zerrendan geldituko direla esan dute eta lehentasuna izango dutela datorren urtean.
7 urtetik aurrerako, adin mugarik gabe, herritarrek eman dezakete izena. “Ikasleek ikasturte osoan klaseetan parte harteko konpromisoa hartuko dute. Edozer dela ere ikasturte osoa ordaindu beharko da”. Horrez gain, jakinarazi dutenez, ez da beharrezkoa parte hartzaileek solfeoa aurrez jakitea. Panderoko ikasgaian bakoitzak bere panderoa ekarri beharko duela argitu dute.