Irailaren 15ean egingo dute Ispasterko mendi martxa
Parte hartu nahi dutenek irailaren 9a dute izena emateko azken eguna.
Ispasterko mendi martxak beste urte batez oporren amaierak arinduko ditu. Irailaren 15ean ospatuko dute XI. mendi martxa, iaz ia 300 lagun elkartu zituen, eta aurten ere zenbaki antzekoetara hurbildu nahi dute. Hala ere, Ispasterko Udaletik argi dute haien helburu nagusia ez dela “inondik inora parte hartzaile kopuru jakin batera ailegatzea”, bertaratzen direnek “egunaz, ibilbideez eta giroaz ahal bezainbeste gozatzea baino”.
Hain zuzen ere, parte hartu nahi dutenek irailaren 9a dute izena emateko azken eguna. Ispasterko Udalaren webgunean edo hurrengoko estekan eman daiteke izena. 14 urte artekoek 10 euro ordaindu beharko dituzte eta hortik aurrerakoek 15 euro. Hala ere, egunean bertan ere izena emateko aukera emango dute, irteera baino 30 minutu lehenago. Kasu horretan, gazteek 12 euro ordaindu behar dituzte eta nagusiagoek 17 euro. Hori bai, zehaztu dutenez, egunean bertan izena ematen dutenek oparia bakarrik jasoko dute, hau da, kamisetarik ez.
Ohi bezala hiru ibilbide egongo dira aukeran. Martxa luzeak 18 kilometrokoa izango da eta 08:30ean emango diote hasiera. Laburrak, berriz, 8 kilometro luze da eta 10:30ean hasiko da. Azkenik, BTT martxa ere egingo dute bizikleta gainean ibilbidea egin nahi dutenentzat, 30 kilometro izango dituzte aurretik. Hori bai, denek ala denek amaieran pintxoa eta edaria izango dute amaieran pultsera entregatzen dutenean.