Anaiarte Biltokiak 24. urtez antolatu du Galbaixo jaietako danborrada
Anaiarte Biltokiak datorren urtean 25. urteurrena ospatuko du beraientzat “hain bereziak” diren Galbaixo jaietako danborrada antolatzen. 22:30etan abiatuko dira.
Mutrikuko auzo desberdinetako jaiak heltzearekin batera, Galbaixo jaiak ere heldu dira. Eta noski, Anaiarte elkarteak urtero antolatzen duen danborrada ere heldu da. Izan ere, gaur emango zaie hasiera Mutrikuko Galbaixo jaiei, Bezperada egunarekin, eta bide batez, Danborradarekin. Anaiarte Biltokiak antolatzen du hau, eta adierazi dutenez, aurten 24. urtea izango da horretan parte hartzen dutena: “25. urteurrena ospatzeko zorian gaude, eta nahiz eta datorren urtekoa guretzat berezia izango den, urterik urte oso pozik eta gogotsu hartzen dugu danborradaren proposamena”. Betiko lerroan jarraituko dutela gehitu dute, eta hurrengoa izango dela aldaketak eta berezitasunak ikusteko urtea, beraien urteurrenarekin batera.
Anaiarte elkartea duela 34 urte sortu zen, alegia. “Mutrikuko jubilatu eta pentsionisten elkarteak jada 34 urte ditu bizirik, eta horrela jarraitzen duen bitartean, danborradak ere jarraituko du”, adierazi dute bertako kideek. Oso pozik agertu dira, beste behin, gaur 22:30erako aurreikusitako danborradarengatik, eta aipatu dutenez “danborrak eta barrilak” entzuteko aukera izango da herrian. Hainbat dira horretan parte hartuko duten pertsonak, 100, hain zuzen ere.
Aurten danborrada barikuan izanik, jende gehiago animatzea aurreikusten du Anaiarte Biltokiak: “Normalean aste artean izaten zen, eta herritarren lana eta ordutegiak direla eta, ez da hainbeste jende ikusten herrian. Aurton, ordea, uste dugu asko izango direla animatuko direnak”. Galbaixo jaiak mutrikuarrentzat duten xarma ere azpimarratu dute kideek, eta herritarrak jai honekiko “gogotsu eta prest” egon ohi direla adieraziz jarraitu dute. “Giro itzela egongo dela argi dugu, eta gainera, danborradak giro hori hobetzen eta berotzen laguntzen du”, eman dute aditzera.