Edozein adinetan, euskaratik eta euskaraz
Iazko ikasturtean euskaraz alfabetatzeko hautua egin zuten hamalau emakumek Ondarroako AEK Euskaltegian. Aurten, bide hori jarraituz, hizkuntza ikasten eta euskaraz gozatzen jarraitzea da beraien nahia.
Maldatsuak izan ohi dira ikasturte hasierak; baina abiada hartuz gero, errazagoa da maldan gora egitea, eta batez ere, ikasteko gogoak oztopoei aurrea hartzen dienean.
Udazkenaren etorrerarekin batera, ikasgelako mahaiak betetzen doaz, banan-banan. Bakoitzak bere tokia hartu, ondokoarekin udako bizipenak partekatu eta ikasturte berriari ekiteko prest daude Ondarroako AEK-ko ikasleak.
Talde «berezia bezain ederra» da honakoa, beraien ama hizkuntza den euskara ikasteko grinak bultzatuta heldu baitira ikasgelara. 63 urtetik gorako hamalau emakume ondarrutarrek osatu zuten iazko ikasturteko taldea eta aurtengoa, bigarrena izango da. «Oraindik ez dakigu aurten zenbat izango garen. Ez dakigu Ondarroako Udalak iazko laguntza bera emango digun ala ez. Espero dugu diru-laguntzak jaso eta jende gehiago apuntatzea», aipatu dute ikasleek.
Hainbat saiakera egin ondoren, Ondarroako Boga Boga Emakumion Elkartearen borrokaren ondorioz lortu zuten iaz euskaraz alfabetatzeko adineko emakumeen taldea sortzea. Helburu txikiak jarriz hasi zuten ikasturtea eta «akatsak egiteko, ikasteko eta gozatzeko» lagun taldea aurkitu dute bertan. «Bizi guztian euskaraz hitz egin dugun emakumeak gara, baina gazteleraz ikasi dugu, eta horrek trabak sortu dizkigu egunerokotasunean. Beraz, gure hizkuntza gehiago ezagutu, idazten ikasi eta ahozkotasuna hobetzeko tresnak eman dizkigu honek, finean, euskaraz alfabetatzeko aukera. Hizkuntza ederra eta aberatsa daukagu eta guk, euskaraz idatzi, irakurri eta bizitzeko apustua egin dugu».
«Izena emateko fitxa betetzera etorri zirenean konturatu nintzen denek gazteleraz esaten zituztela telefono eta NA zenbakiak. Beraz, horrelako helburu txikiekin hasi ginen. Eskutitzak idatzi, hitzen jatorria aztertu, gaztelerazko hitzak euskarazkoekin ordezkatu eta euskaraz irakurtzen ere ikasi dute, beste hainbeste gauzen artean», aipatu du Itxaso Beitiak, AEK-ko langileak eta taldeko irakasleak.
Hizkuntza ederra eta aberatsa daukagu eta guk, euskaraz idatzi, irakurri eta bizitzeko apustua egin dugu.
Ikasturtean zehar ikasitakoarekin ohiko praktikak aldatzea lortu dute ikasleek eta «pozik» daude horrekin: «Geure buruari erronka txikiak jarri dizkiogu, eta gaur egun, euskarazko liburuak irakurri ahal ditugu, hogei aldiz esaldi bera errepasatu gabe. Oso pozgarria da hori gu guztiontzat».
Laguntzaren beharra. Ikasleak ikasturterako ilusioz eta gogoz daude. Etorkizunera begira, euskaraz ikasteko aukera izateko laguntza eskatu diete instituzioei: «Boga Boga Elkartetik ezin ditugu ikastaro hauek ordaindu, beraz, iazko ikasturtean bezala, instituzioei laguntza eskatu nahi diegu. Euskaraz ikasten jarraitu eta taldera jende gehiago animatzea da gure ilusioa. Aurreko ikasturtean ikasitakoa gogoratu, eguneroko bizitzan praktikara eraman eta gauza berri gehiago ikasi nahi ditugu». Irailaren 17an batzartuko dira Ondarroako Udalagaz, eta bertan emango diete diru laguntzaren berri.
Oztoporik ez. «Gogoko tokian aldaparik ez», diote. Eta hala da. Horren erakusle baitira emakume hauek: «Sarritan entzuten dugu adina traba izan daitekeela ikasteko. Guk badakigu ezetz. Erakutsi dugu, eta erakusten jarraituko dugu, astero AEK-ko ikasgelara bueltatzen garen bakoitzean». Edozein adinetan euskaratik eta euskaraz ekiteko aukerak daudela argi utzi dute ikasleek, baita 70 urterekin alfabetatze prozesuan hastekoa ere.
Sarritan entzuten dugu adina traba izan daitekeela ikasteko. Guk badakigu ezetz.