Jaia bai, kirola ere bai, Aitxe Kutz jaietan
Gaur [irailak 14] Aitxe Kutz jaiak ospatzen ari dira Berriatuan. Kirolez beteriko eguna izaten ari da, beraz, indarrak berreskuratzeko, parrillada dute iluntzean.
Uda ostean asko eta asko dira kirolari amorratuak bilakatzen direnak, hutsetik dena ematera hasten direnak. Berriatuan, ordea, ez. Azken urteetan gaurko [irailak 14] Aitxe Kutz jaiak kirolaren inguruan antolatu izan dituzte. Eta aurten ez da gutxiagorako izan.
Hasteko umeak izan dira protagonistak, hauek ere beti dira kirolariak. Gaurkoan ere izan dituzten askotariko jolasak egiteko aukera. Pixkanaka lehiakortasuna ere tartean sartu da duatloiagaz, aringa-aringa eta bizikletan aritu dira. Adin desberdinetako mailetan aritu dira, baina denek ala denek ondo pasatu dute. Ostean, herri kiroletan murgiltzeko aukera ere izan dute. Gero, nagusien txanda ere heldu da, Tubiren eskutik herri kirol eta lasto botatze desafioak egin dituzte, barreak nagusi izan badira ere, tartean lehiakortasun puntu bat ere agertu da. Inork ez du galdu nahi.
[IKUSI ARGAZKI GALERIA ZUZENEAN]
Bazkalostean, ura gailenduko da, hain zuzen ere, eguraldia lagun dute, giro ezin eguzkitsuagoa izan dute. Ur jolasekin hasiko baitu arratsaldea herriak. Futbol zelaian izango da hitzordua 16:30-18:30 bitartean, Bubble balls jokatzeko. Parte hartzeko gutxieneko altuera 1.35 izango dela adierazi dute. Bizikleta desafioagaz itxiko dute kirolez beteriko egune, eta musikari eta janari emango diote tokia, ondoren. Hain zuzen ere, kirola egin ostean indarrak berreskuratzea garrantzitsua baita. Gorka eta Izarra Trikitilariek girotuko dute iluntzea herritarrek parrilladaz gozatzen duten bitartean.